Friki Harrotasuna ospatuko dute maiatzean Egiako liburutegian

Friki Harrotasunaren hilabetea ospatuko dute maiatzean Egiako liburutegian. Jaialdia maiatzaren 16an hasiko da, baina jarduera paraleloak ere izango dira hilabete osoan zehar. Jarduera horien bidez, Egiako neska-mutilek liburutegia apainduko dute “frikien kanonek agintzen duten bezala”; edota ordenagailu joko txikien lehiaketetan parte hartuko dute. Hona hemen Egiako liburutegian prestatutako programa (jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira):
Maiatzak 16: mahai jokoen erauntsia. Frikiegiako leloetako bat hauxe da: Friki bat bera ere ez bere mahai jokorik gabe, beraz, taula eta dadoaren festa izango da.
Maiatzak 23: It’s only rol, but I like it. Rol jokoak gustuko dituztenentzat, partida batzuk antolatu dituzte auzoko gaztetxoekin, bertako beteranoenekin eta erdian daudenekin. Aukeratutako gaia hau da: Nor da hiltzailea, Marple anderea?
Maiatzak 28: Kasete birbobinatze III. Mundu Txapelketa Bic boliarekin. Beso eta eskumutur boteretsuenak azkarrenak izateagatik borrokatuko dira.
Maiatzak 29: Urteroko hitzorduan hutsik ez egiteko, aurten ere Friki Zozketa Handia egingo da. Bertan, parte hartzaileek liburutegiko opari esklusibo bat irabaz dezakete.
Zozketarako txartelak hainbat bidetatik lor daitezke: liburutegiko dokumentu frikiak maileguan hartuta, hala nola telebista serieak, komikiak, fantasiazko eta zientzia fikziozko liburuak, film fantastikoak eta horrelako lanak; friki-trivialean egunero parte hartuz eta poster frikietako pertsonaiak asmatuz.