La Cumbre jauregiaren lagapena azkartzeko eskatu du udalbatzak

Donostiako Udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatu dio azkartu ditzala Aieteko La Cumbre jauregia udalaren eskuetara pasatzeko egin beharreko izapideak. Aieteko Lantxabe auzo elkartearen ekimenez, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Donostiak mozio bateratua aurkeztu dute eskaera hori egiteko eta lau udal taldeek aldeko botoa eman dute, noski. PPk, aldiz, ez du mozioarekin bat egin eta aurka bozkatu du. Udalbatzarra bertatik bertara jarraitzen egon dira La Cumbren torturatuak izan ziren Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren senide Axun Lasa eta Pili Zabala, Egiari Zor fundazioko kide batekin batera.
Eneko Goia alkateak, talde jeltzalearen hitzartzean, gogorarazi du lagapena baldintzatuta dagoela “Memoria Demokratikoaren Legeak ezartzen dituen helburuetara zuzendutako proiektu bati”, eta etorkizunean La Cumbren garatzen den proiektua Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanarekin garatzearen aldeko apustua egin du.
Iñigo Garcia PSE-EEko zinegotziak, bestalde, ziurtatu du Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioak eskualdatzeko “hitzarmenaren zirriborro bat” baduela dagoeneko, eta nabarmendu du espero duela “laster” gauzatzea eta La Cumbre auzoarentzat eta gizarte osoarentzat gune ireki eta disfrutagarria izateko eta “bizikidetzarako eta kulturarako gune” bihurtzeko proiektua.
Elkarrekin Donostiako Arantza Gonzalezek, bestalde, beste bozeramaile batzuek egin duten moduan, gogorarazi du La Cumbren “giza eskubideen aurkako urraketa larriak” gertatu direla historian zehar, eta aberasgarria izango dela, beraz, gunea herriarentzat irekitzea. Era berean, udal gobernuari eskatu dio lagapena gauzatzearen aldeko lana are gehiago indartzeko, eta adierazi du bera egiten ari dela bere eskuetan dagoen guztia —bere alderdia, Ezker Batua, Espainiako Gobernuaren parte da, Sumar koalizioaren barruan—.

Pili Zabala (eskuinetik, lehenengoa) eta Axun Lasa (eskuinetik, bigarrena) Joxi Zabala eta Joxean Lasaren senideak udalbatzarrean egon dira, La Cumbreren inguruko mozio bateratuaren harira. Argazkian, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailearekin hitz egiten, udaletxeko atarian.EH Bildu
EH Bilduko Juan Karlos Izagirre, bestalde, pozik agertu da lau alderdiek mozio hori aurkezteko bat egin izanarekin, eta nabarmendu du urrats garrantzitsua dela “La Cumbren memoria historikoa berreskuratu eta estatuko biktimei dagokien aitortza emateko bidean”.
Azkenik, PPko zinegotzi Jorge Motak hartu du hitza, mozioaren aurrean bere alderdiaren “ezezko irmoa” adierazteko, besteak beste, “Espainiako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aldebakarreko negoziazio batean” erdietsi zelako akordioa. Halaber, salatu du “erabat antidemokratikoa eta opakoa den jokabide bat zuritu nahi duen mozio bat” dela gaur aurkezturikoa.
Horren aurrean, alkateak gogorarazi du bera ere “oso kritikoa” izan dela EH Bilduk akordio honi dagokionez izandako jarduteko moduarekin, baina behin akordioa erdietsita, “ergelkeria” izango litzatekeela udalak “aukera ez aprobetxatzea”: “Orain arte egin diren mugimendu bakarrak alkate honek egin ditu, estatuko idazkaria den arren lehenengo urratsak egin behar dituena, Espainiako lege bat delako”. Era berean, “kontzeptu akatsa” edukitzea egotzi dio Motari: “Zu, hain espainiarra zarela eta horrenbeste errespetu daukazula Espainiako legearengatik eta Espainiako Kongresuarengatik, jakin beharko zenuke xedapen hau xedapen espainiar bat dela, Espainiako ordezkaritza popularrak bozkatua eta onartua. Hau Espainiako Diputatuen Kongresuan atera zen aurrera, zuk horrenbeste miresten duzun horretan —nik, agian, pixka bat gutxiago—; hortik ateratako beste lege xedapen asko errespetatzeko eskatzen duzu, bada, hau halako beste bat da”.
Atzerapenak
Gogoratu behar da Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk 2022an erdietsi zutela La Cumbre Donostiako Udalaren eskuetara pasatzeko akordioa, Espainiako Memoria Demokratikoaren legearen onarpenaren testuinguruan. Horren bidez, GALek Lasa eta Zabala torturatzeko erabili zuen jauregia udalaren eskuetara pasatu behar zen legea indarrean sartu eta urtebetera —2023ko urrian—, bertan memoria gune bat sortzeko. Aieteko Lantxabe auzo elkarteak ere askotan eskatu izan du jauregia auzoarentzako zein gizartearentzako gune ireki bat izan dadila.
Jauregiaren jabetzaren esku aldaketa ez da gauzatu, baina pauso batzuk eman dira Euskal Herritik: iazko abuztuan, udalak Espainiako Gobernuari helarazi zion La Cumbre memoria gune bihurtzeko proposamenaren zirriborroa eta, urrian, proiektu landu eta mamitsu bat aurkeztu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak, Argituz elkarteak, Altzako Mikel Zabalza Herri Ekimenak, Berridatzi elkarteak, Egiari Zor fundazioak eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek.
Proiektuaren xedea da La Cumbre “ikerketarako, biktimen aitortzarako eta erreparaziorako eta, batez ere, dibulgaziorako gunea” izatea, eta hori da, hain zuzen ere, batzar nagusietan aurkeztu zuten proiektua. Era berean, senideek salatu zuten “erresistentzia” handiegia dagoela legeak dioena bete eta La Cumbre udalaren eskuetara pasatzeko, eta horrek ez diola mesederik egiten “elkarbizitzari”.