Larunbatean ekingo diote Donostia Gran Slam eta Masters Serie zesta-punta txapelketei
Gizonezko sei bikote eta emakumezko lau lehiatuko dira maiatzeko larunbatetan aurrera eramango dituzten jaialdietan.

Larunbatean ekingo diete norgehiagokei eta atzo aurkeztu zituzten bi txapelketak Koldo Mitxelena kulturunean, egitasmoa antolatu duen Jai Alive enpresako eta hura babesten duten erakundeetako ordezkariek.
Jai Aliveko kudeatzaile Mikel Egigurenek aurkeztu zituen aurtengo txapelketaren berritasunak. Aipamen berezia egin zion Matt “Douglas” Langhans estatubatuarrari, Miamiko Magic City frontoiko izar nagusietako bat. “Oso historia polita du. New York ondoan jaio zen, Ipar Karolinan ikasi zuen zesta-puntan jokatzen, gero, Miamira mugitu zen eta egun bertako jokalari garrantzitsuenetako bat bihurtu da”. Emakumezko txapelketan, berriz, munduko txapeldunak egongo dira Erika Mugartegi eta Arai Lejardi eta Mexikoko txapeldun Tania Mayorga.
Gizonezkoan Gran Slamean sei bikote lehiatuko dira: Goitia-Salegi txapeldunak, Erik-Bailo, Txanika-Oierdi, Douglas-Oyhenard, Arbe Atain eta Victor-Laborde jokatuko dute ligaxka. Emakumezkoen Masters Seriean, berriz, lau bikote ariko dira: Lur eta Arai Lejardi, Tania-Gisela, Erika-Alize eta Xana-Oihana. Bi onenek txapelaren bila jokatuko dute maiatzaren hondarrean.
Bost larunbatetan aurrera eramango dituzte jaialdiak, 18:00etan hasita. Finalak, beraz, maiatzaren 31n jokatuko dituzte. Guztietarako sarrerak jaialive.eus webgunena edo frontoiko leihatilan eskura daitezke.
Egigurenek gogoratu zuen 20 urte baino gehiago daramatzatela zesta-punta txapelketak antolatzen Carmelo Balda frontoian. “Oso frontoi garrantzitsua izan da guretzat”, eta oso pozik daude “txapelketa horren garrantzitsua Donostian antolatzeagatik”. Nahien artean, emakumezkoei ikusgarritasun handiagoa ematea dago, hala, urte gutxian nesken txapelketa ere Gran Slam bat izan dadin. “Horretarako egingo dugu lan”.
Beste bi urteko akordioa
Kirol zinegotzi Iñaki Gabarainek eskerrak eman zizkien antolatzaileei zesta-punta sustatzeko egiten duten lanagatik eta berretsi zuen kirol garrantzitsua dela hiriarentzat eta Carmelo Balda “frontoi ederra zesta-puntari bizitza emateko”. Iaz abiatu zuten Emakumezkoen Master Seriea Donostia Pilota planaren barruan, izan ere, legegintzaldi honetan kirol hau sustatu nahi baitute, “Donostia dagokion lekuan kokatuz”, eta era berean, emakumeei zabaltzea “helburu lehenetsia” da. “Donostia kirol hiria da, baina neurri handi batean, emakume kirolariena”.
Horrez gain, Gabarainek ezagutarazi zuen Jai Alivekin akordioa egin duela datozen bi urtetarako ere.
Turismo diputatu Azahara Domingezek, bestalde, nazioarteko kirolarien parte hartzea nabarmendu zuen, zesta-puntarik “onenak” batuko baititu. Halaber, halako jaialdien balio turistikoa ere nabarmendu zuen, izan ere, halako jaialdiak “gehigarri bat” direla datozenei “paisaiaz eta gastronomiaz harago doan zerbait eskaintzeko”.
Aurten Kutxabank batu da babesleen artean. “Ohorea da gure kirola den zesta-punta babestu ahal izatea”, baieztatu zuen Marta Madinabeitiak, eta, halaber, emakumezkoen kirola ikusarazteko tresna aproposa dela adierazi zuen. “Kirola guretzat tresna paregabea da berdintasuna bultzatzeko. Emakumeen kirola uste dugu gizarteko gaztetxoek erreferente ona izateko bide bat dela eta horrek ere asko pozten gaitu”.