Maiatzaren Leheneko mobilizazioak Donostian

Maiatzaren Lehena da bihar, Langileen Nazioarteko Eguna, eta, urteroko legez, hainbat mobilizazio egingo dituzte Donostian. Aurretik, gaur bertan (hilak 30), SOS Arrazakeriak deituta, etxeko langileak Urdaneta kaleko 7. zenbakian elkarretaratuko dira 17:00etan, Lan Inspekzioaren egoitzaren aurrean, eskubideak eta bermeak izango dituen etxeko lan baten alde.
LAB sindikatua 12:00etan aterako da kalera, eta, Easo plazatik abiatuta, manifestazioa egingo dute hiriko kaleetatik, Patronala, esplotatzailea! Langileen alde, gutxieneko soldata eta pentsioak lelopean.
CNT sindikatuak ere ordu berean antolatu du bere manifestazioa, hori ere Amarako Easo plazatik abiatuta, Bizitza lapurtuko ez digun lanpostu baten alde lelopean.
Bestalde, ESK, Steilas eta LKN (CGT gaztelaniazko siglekin ezagunagoa) sindikatuek eta Antikapitalistak, Oarso Taldea eta Bake Ekintza Antimilitarista erakundeek bat egin dute, eta 12:00etan San Telmo museotik abiatuta egingo dute euren mobilizazioa, Langileok armagintzaren kontra lelopean.
Azkenik, CCOO eta UGT sindikatuak Konkistatu duguna defendatuz, etorkizuna irabazi lelopean aterako dira kalera, 12:00etan, Alderdi Ederretik abiatuta.