Pello Gutierrezen 'Erreplika' filmaren aurrestreinaldia egingo dute Principe zinema aretoetan

Maiatzaren 9tik aurrera zinema aretoetan ikusi ahal izango da Pello Gutierrez zuzendari donostiarraren Erreplika filma. Aurretik, ordea, Zazpi T’erdik ekoitzitako lanaren bi aurrestreinaldi egingo dituzte. Lehena da Donostiako Principe aretoetan izango da maiatzaren 6an, 19:30ean. Gutierrezek eta haren lantaldeak aurkeztuko dute. Bigarren aurrestreinaldia, berriz, maiatzaren 8an egingo dute Iruñeko Golem Baiona zinema aretoetan.
Erreplika filma iazko 72. Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta Irizar Sariaren aipamen berezia lortu zuen. Hainbat zinema jaialditan aurkeztu ondoren, pasa den apirilaren 15ean Madrilgo Cinetecan proiektatu zuten. Azkenik, ordea, zinema areto komertzialetara iritsiko da Atera Filmsen banaketarekin.
Gutierrezen hitzetan, dokumental hau irudien bidez sortu eta ahotsaren bidez garatu du: “Nire ahotsak gidatzen du filma, eta protagonisten ahotsek ematen diote jarraipena: iraganeko gertaerak gogoratzen dituzte, desagerpenari buruz idatzi diren dokumentu, arrasto eta testuak irakurriz. Pertsonaletik kolektibora, ikerketa honek herri honen oroimena arakatu nahi du, irudi ezaren bidez. Eta, aldi berean, galdu berri dugun ahaidearen galeraren aurrean, irudiari eta memoriari buruzko hausnarketa planteatzen du”.
Filmaren sinopsia, berriz, jarraian irakur dezakezue: “1979an Zikuñagako Ama Birjina desagertu egin zen eta Hernaniko biztanleek irudi ikoniko bat galdu zuten. Zulo bat horma hobian. Hutsune kolektibo bat. Hau hutsuneei buruzko film bat da. Nire aita, Juanmi Gutierrez zinemagilea, duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora tarte bat pasa denean, bere filmetara itzuli naiz memoria pertsonaleko ariketan. Irudien bitartez egiten dut memoria. Edo hobeto esanda, irudi ezaren bitartez. Irudi baten hutsunea bere presentzia bezain indartsua izan al daiteke? Eta hala bada, zer egin hutsune horrekin?”.