Protesta egin dute BioGipuzkoako langileek, Zientziaren Legea aplikatzeko eskatzeko

BioGipuzkoako langileek bi orduko lanuzteak egin dituzte gaur Donostian, 2022an onartutako Zientziaren Legea aplikatzen ez dela salatzeko. Lege honen arabera, lanbide kategoriak eta OIIen ordainsari baldintzak Osakidetzarekin parekatu beharko lirateke, eta karrera profesionala bermatuko duten neurriak ezarri, besteak beste.
Langileek hainbat proposamen aurkeztu dizkiete zuzendaritzei, baina prozesua luzatzeko erakutsi duten jarrerak epaitegietara joatera behartu dituela azaldu du ELA sindikatuak. ELAk adierazi du ez duela legeak ezarritakoa baino gutxiago negoziatuko, eta, beraz, honako hau eskatzen du:
Lanbide kategoriak eta OIIen ordainsari baldintzak Osakidetzarekin parekatzea, Osakidetzaren pareko garapen edo karrera profesionala bermatuko duten neurriak ezartzea, ikertzaileen soldatak legearen araberakoak izateko adinako urteko inbertsioa, ikerketaren iraunkortasuna bermatzea eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak eta ikerketa bekak eguneratzea, legearen arabera.
ELAk gogorarazi du BioInstitutuetako (BioGipuzkoa, BioBizkaia eta BioAraba) 550 langileren baldintzetan eragina izaten ari dela Zientzia Legearen aplikazio eza.