Etxera Eguna egin dute Egian, «behin betiko konponbidea» aldarrikatzeko

Egiako Sare plataformak antolatuta, Etxera Eguna egin zuten atzo auzoan, “behin betiko konponbidea aldarrikatu eta oraindik etxerako bidea egiteko duten presoek bidea egin dezaten aldarrikatzeko”.
12:30ean, agerraldia eta auzo argazkia egin zituzten Plaza Haundin. Bestalde, arratsaldean, Adrian Perez eta Unai Pelayo Pelax musikari egiatarrek jo zuten, plazan bertan.
Egiako bi euskal presok espetxean jarraitzen dute gaur egun: Ainhoa Mujikak eta Jon Olarrak. Horrez gain, Joxe Mari Dorronsoro egiatarra baldintzapean aske dago, eta Idoia Espias auzotarra deklaratzera deitu berri du Espainiako Audientzia Nazionalak, euskal iheslarien kolektiboko bozeramaileen artean.