Gladys del Estal omendu dute, bere hilketaren 46. urteurrenaren harira

Gladys Gogoan elkarteak eta Eguzkik antolatuta, jende andanak hartu du parte gaur eguerdian Gladys del Estal ekologistaren omenezko ekitaldian. Gladys del Estal duela 46 urte hil zuen Guardia Zibilak Tuteran, nuklearren aurkako mobilizazio batean. 1979ko ekainaren 3an gertatu zen, energia nuklearraren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan.
Omenaldiari hasiera emateko, 11:30ean Bulebarretik abiatu dira bizikletekin, eta 12:00etan Gladys Enea parkeko atean elkartu dira guztiak. Kantu artean, Gladys jartzen duen pankarta zintzilikatu dute parkeko sarreran, eta ondoren, erromerian igo dira bera gogoratzen duen monolitoraino. Bertan egin dute ekitaldi nagusia. Dantzariek aurreskua dantzatu dute Gladys del Estalen omenez, eta ondoren, lore eskaintza bat egin dute bertaratu direnek. Musika ere ez da falta izan, Nokono bakarlariak pare bat kantu abestu baititu gitarrarekin.
“Uste zuten zuri bizia kenduz ez zela ezer geratuko; ahaztu egin zuten zure sustraiek bizirik dirautela gugan. Zure ausardiatik haziak erein dira, naturarekiko duintasunaren eta maitasunaren alde borrokan jarraitzen dutenak. Horrela, Aroztegian, Urdaibaien… lurraren zaintzaren alde lanean jarraitzen dute, eta nahiz eta kapitalismoa orain berdez mozorrotzen den, eolikoz bete nahi dituzte mendiak. Ez gaituzte engainatuko; ezin zaio energia garbia deitu hori lortzeko 100 urte dituzten olibondoak moztu behar badituzte”, adierazi dute omenaldian, eta gaineratu dute “ura, lurra, airea eta askatasuna ez direla saltzen, defendatu baizik”. “Hori da zuk utzi zenigun mezua, mila esker zure bizitzagatik”, nabarmendu dute.
Gerraren eta militarismoaren aurka
Aurtengo ekitaldiak bereziki azpimarratu du gerraren eta militarismoaren aurkako jarrera, Gerrarik ez! lelopean. Testuinguru horretan, Iñaki Otamendik, Centre Delas d’Estudis per la Pau erakundeko Euskal Ordezkaritzako Bake-Ekintza Antimilitaristako kideak hartu du parte.
Otamendik gogorarazi du Euskal Herrian hainbat industria daudela armagintzan lan egiten dutenak, eta ildo horretan, honakoa adierazi du: “Gerra hemen hasten da, baina hemen gelditu dezakegu”. Gaineratu du ezin direla onartu Europako “eskalada militar hau” aukera gisa saltzen dituzten ahotsak, eta “horien kontra” altxatu behar dela. “Azken hamarkadetan, hau da, Ukrainako gerra hasi baino lehen, eta oraingo egoera honetara iritsi baino lehen, 70 bat enpresa zeuden armagintza proiektuak zituztenak, eta gaur egun, 200 dira. Zoritxarrez, orain Europatik sartuko den diru horrekin agian enpresa kopurua handituko da”, deitoratu du Otamendik.
Horren aurrean, azaldu du bi gauza daudela herritarren esku: “Saiatzea enpresa gehiago ez sartzen joko zikin horretan, eta dauden enpresak moldatzea eta produktu zibilera bideratzea orain gerrarako erabiltzen den produkzioa”.
Hala ere, Otamendik nabarmendu du “dena ez dela txarra”, eta “esperantza” dagoela, izan ere, mugimendu antimilitarista hori lortu ahal izateko lankidetzan dago beste sektore batzuekin. “Euskal Herriko sindikatu nagusiek gerraren kontrako eta Europako armagintza prozesuaren kontrako aldarria egin dute. Badakigu, baita ere, ekologismotik eta feminismotik ere badagoela horren kontrako mugimendu bat, eta momentu honetan, bilerak egiten ari gara Euskal Herriko mugimendu antimilitaristatik sindikatuekin eta beste eragileekin, Euskal Herriko armagintza konbertsio batera bideratzeko prozesua sustatzeko”, jakinarazi du.












































