Gure Eskuren Bilboko mobilizaziora joateko deia egin dute Donostian

Donostiako Gure Eskuk argazkia egin du larunbat honetan Easo plazan, hilaren 7an Bilbon egingo duten manifestaziorako deia egiteko. Izan ere, Herri libre bat lelopean, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio nazionala antolatu du Gure Esku plataformak egun horretarako.
Horren aurretik, motorrak berotzeko, mobilizazioarekin bat egin duten Donostiako eragile zein norbanako ugari elkartu ziren atzo Easo plazan, 12:30ean, Bilboko manifestaziora deitzeko herri argazkia egiteko.
Manifestazioa 17:30ean abiatuko da La Casillatik, eta Donostiatik autobusak antolatu dituzte hara joateko, ekainaren 7an bertan. Hain zuzen ere, bat Ondarretako anbulatoriotik abiatuko da eta bestea Viktoria Eugenia antzokitik; biak, 15:30ean.