Iosu Lazkano eta Olatz Larrañaga garaile Euskadiko Bolo Txapelketan

Iosu Lazkano eta Olatz Larrañaga bolariak nagusitu ziren atzo Herrerako Arrobitxulo parkean jokatu zuten Euskadiko Bolo Txapelketan. Herrera Kirol Elkarteak eta Ategorrietako bolatokian bola jokoan ibili ohi diren hainbat bolarik antolatu zuten txapelketa, Donostiako Udalaren, Gipuzkoako eta Euskadiko Bolo Federazioen eta Euskal Giroa elkartearen laguntzarekin.
Euskadiko Bolo Txapelketa urtero antolatzen dute, eta herrialde bakoitzak hiru urtean behin antolatzen du. Aurten, Gipuzkoari zegokion antolatzea eta Herreran egitea erabaki zuten. 2022an izan zen Gipuzkoako azkena, Ereñotzun antolatutakoa, eta Herreran 2002an izan zen azkenekoz.
Atzokoan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban denboraldi onena egin dutenak joan ziren Herrerara; zehazki, bakoitzeko hamabost gizon onenak eta hiru emakume onenak. 08:00etan eman zioten hasiera bola jokoari, eta 14:30ak arte aritu ziren, gutxi gorabehera. Goizean zehar, Euskal Giroa elkartearen eskutik, hamaiketakoa eskaini zuten parte hartzaileentzat, eta eguerdian, sari banaketarekin eta Herrera Kirol Elkarteko bazkariarekin amaitu zuten. Lehiaketaz harago, bolatoki mugikor bat eta tokarako zelaitxo bat ere jarri zituzten, federazioaren eskutik, edonork bola jokoan aritzeko aukera izan zezan.