Palestinako egunerokotasun odoltsua irudikatu dute ehunka pertsonek Alderdi Ederren

Gernika-Palestina herri ekimenak antolatuta, Palestinako egunerokotasun odoltsua irudikatu dute gaur eguerdian Alderdi Ederren. Gorputzak goitik behera izara zuriz estalita, lurrean etzan dira ehunka lagun, Palestinan egunero bizi duten egoera lazgarriari erreferentzia eginaz.
Jende andana bertaratu da Alderdi Ederrera egitasmoa ikustera, eta parte hartzaileek genozidioarekin amaitzeko eskatu dute berriro ere. Horrez gain, Israelekin harremanak eteteko ere eskatu dute. Ekitaldian, jendarte zibileko ordezkari gisa Nekane Balluerka EHUko errektore ohiak eta Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendari ohiak hartu dute hitza, eta euskal palestinar batek zuzeneko testigantza eskaini du.
Musikari dagokionez, orain gutxi Gazatik iritsi den Sol Bandak parte hartu du, Eñaut Elorrietarekin batera Gernika Gaza abestia joaz. Horrez gain, abesbatza desberdinetako kideek ere hartu dute parte.
Ekitaldi hunkigarria izan da, eta publikoaren txalo artean eman diote amaiera.


























