Donostia Ospitaleko kanpo kontsulten eraikuntzak luzerako joko du

Atzerapenak pilatzen ari da Donostia Ospitaleko kanpo kontsulten eraikina. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak apirilerako aurreikusi zuen lanekin hastea, baina beste eperik iragartzea baztertu du. Izan ere, arazo bati aurre egin ezinda dabiltza. Kanpo kontsulten eraikinaren obrak egungo ospitaleko aparkalekua zeharo ixtea ekarriko du, eta horren ordezkorik ez dute behar bezala aurreikusi.
Martxoa bukaeran, behin-behineko aparkalekua ireki zuten, nabarmen murriztu duten jatorrizkoaren alboko lursail batean. Aparkaleku berriak 7.500 metro koadro eta 205 plaza ditu, eta ordainpekoa da. Erabiltzaileek eta langileek adierazi dute aparkaleku horrek ez dituela dauden beharrak betetzen.
Une honetan, Onkologikoaren alboan protoi terapiako erakina jartzeko lanak egiten ari dira. Horrek ere aparkalekua gutxitzea ekarri du, eta are gehiago kenduko dituzte obrak aurrera egin ahala. Osasun Sailak 2026rako bukatzea aurreikusten du. Aldiz, kanpo kontsulten eraikina 2027. eta 2028. urteen artean irekitzea espero dute.