Hasi da hondartza denboraldia Donostian

Eguraldi petralarekin, baina hasi da dagoeneko 2025eko hondartza denboraldia Donostian. Atzo hasi zen (hilak 1), eta irailaren 30era arte egongo da indarrean.
Horrela, dagoeneko ia zerbitzu guztiak daude funtzionamenduan, hala nola, sorospen eta garbiketa zerbitzuak. Ekainaren 15etik aurrera egongo dira zerbitzu guzti-guztiak indarrean, ordutik aurrera jarriko baitituzte olanak, karpak, eguzkitakoak eta aulkiak eskuragarri. Hemen daukazue informazio osagarria.
“Azken asteotan, hondeamakinak hondartzak profilatzeko lanetan aritu dira harea ondo banatzen. Dutxak, txorrotak eta sorospen dorreak ere jarri ditugu, eta Kontxako badian balizak eta buiak jartzen amaitu dugu. Eta beste aldetik, ekainaren lehen astean gabarroiak jarriko dira, hiru Kontxan eta beste hiru Ondarretan”, azaldu du Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak.