Palestinako genozidioaren aurrean, «hitz gutxiago eta ekintza gehiago» aldarrikatuko dituzte mobilizazio baten bidez
Palestinarekin Elkartasunak antolatuta, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzte mobilizazioak asteburuan. Donostiakoa ostiralean izango da, 19:30ean, Bulebarrean.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazioa antolatu du ostiralean (hilak 6), Bulebarrean, 19:30ean. Izan ere, azken asteotan hainbat gobernuburu eta alderdi parlamentariok egindako adierazpenekin kritiko azaldu da plataforma. “Oso berandu” datozela azpimarratu dute, Israelek “hamarkadak” daramatzalako “palestinarren garbiketa etnikoa bilatzen”. Gainera, haien hitzetan, “urritik hona emandako ofentsiba basatiaren hasieratik egon da argi genozidio baten aurrean geundela, eta orain arte ez dute ezer ere egin. Eta egin ahal zuten”. Horregatik diote “genozidioa eteteko helburua izan baino, bestelako interes edo kalkuluei” erantzuten dietela adierazpen hauek, “konplize guztien aurka presionatzen jarraitu” behar dela ondorioztatuz.
Nazioartean egindako hainbat mugimendu nabarmendu dituzte, eta baita estatu eta instituzioetako ordezkariek egindako adierazpenak ere. Plataformak honakoak aipatu ditu: Espainian armen enbargoaren inguruko eztabaida, Frantziaren Palestina aitortzeko asmoaren adierazpena eta Europar Batasunak Israelekin duen elkartze akordioa aztertzeko iragarpena. Euskal alderdietako ordezkariak ere seinalatu dituzte, aurreko “hauei guztiei jarraika” batu egin direla baitiote, “ekintzarik gabeko diskurtso huts” gisa izendatuz adierazpenok.
Horrez gain, agintarien diskurtsoek “oinarrian dagoen arazoa estaltzen” dutela ere salatu dute, ez dutelako “Israelen existentzia zalantzan jartzen”, eta “Israelgo entitate genozida eta koloniala zalantzan jarri beharrean, estatu legitimo gisa aurkezten jarraitzen” dutelako. “Palestinarren askatasuna ez da entitate sionistarekin bateragarria, baina mendebaldeak Israel mantendu nahi du, ez baitu ekialde hurbilean duen aliatua galdu nahi” diote Palestinarekin Elkartasuna plataformakoek. Adibide gisa bi estatuen irtenbidea jarri dute: “badakite ez dela bideragarria, eta funtsean, Israelek palestinar lurraldeak okupatzeko planetan aurrera egitea eta garbiketa etnikoarekin jarraitzea esan nahi duela, nahiz eta motelago izan”. Horregatik, plataformaren ustez Israel “desegin” beharra dago. “Existitzen uzten ez duen estatu batek ez luke existitzeko eskubiderik izan beharko” adierazi dute.
Bestalde, “nazioarteko komunitatearen inakzioaren aurrean, Israelek palestinarren garbiketa etnikoa gauzatzea lortu ez badu, palestinar erresistentziari berari esker izan dela” adierazi dute. Salatu dute genozidioa ematen zen bitartean “mendebaldeko estatu, enpresari, gobernu eta alderdiek Israel normalizatzen eta indartzen” jarraitu dutela, baina ordea, palestinar erresistentzia “ez dela garaitua izan”.
Amaitzeko, “alderdi eta gobernuen elkartasun adierazpen horien ostean, bereziki haiek presionatzeko unea” dela adierazi dute, “beraiek baitira Israelekin harremanak mantentzen dituzten horietakoak”, eta “haiekiko independenteki antolatzen eta borrokatzen” jarraitzera dei egin dute.
Norabide horretan egingo dituzte asteburuko mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Hitz gutxiago eta ekintza gehiago lelopean. Ostiralean izango dira Donostiakoa, Bilbokoa eta Iruñeakoa, eta igandean, berriz, Gasteizkoa.