Altzako familia bat etxegabetze arriskuan dagoela ohartarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, Altzako familia bat etxegabetuko dute ekainaren 13an: “Bi seme-alaba adingabe dituen familia batek etxe kaleratze agindu bati aurre egin beharko dio. Agindu hori datorren ekainaren 13rako ezarria dago, Donostiako Altza auzoan. Familia duela sei urtetik bizi da bertan”. Herritarrei egoeraren berri emateko, asanblada informatiboa antolatu dute datorren astelehenerako (hilak 9), Casares Kultur Etxean, 18:30ean. “Bide judizialetik etxegabetzea geldiarazten saiatzen jarraitzen dugu, baina ezinbestekoa da gu antolatzea eta klase elkartasuna artikulatzea”, gehitu dute.
Sindikatuaren arabera, “higiezinaren jabearekin izandako gatazka luze baten ondorioz gertatu da egoera”: “Hark uko egin zion kontratuaren arabera zegozkion funtsezko konponketak egiteari. Aitzitik, alokairua bidegabeki igotzen saiatu zen, baina familiak uko egin zion. Azkenik, jabeak 14 euro igo zuen hileko errenta, eta maizterrek ez zuten igoera hori onartu, etxebizitzan egin gabe zeuden konponketak baliabide propioekin egin zituztela argudiatuta”.
Horrela, gaineratu dutenez, “familiak alokairuaren igoera ordaintzeari utzi eta hiru hilabetera besterik ez —guztira, 42 euroko zorra pilatuta—, etxegabetze prozedurari ekin zion jabeak”. Sindikatuak helarazitako informazioaren arabera, etxejabea “Altzan bertan bizi da eta hainbat jabetzaren titularra da, bai Donostian eta baita beste herri batzuetako gune turistikoetan ere, kostu handiko alokairuak ezarriz”.