Biozientziaren sektorea nabarmen hazi da azken urteotan Donostian

Donostia Sustapenak nabarmendu duenez, biozientziaren sektorea %116 hazi da hirian azken zazpi urteotan, eta dagoeneko I+Gko inbertsio osoaren %17 da. Hori dio gaur goizean aurkeztu duten Donostiako Biozientzien sektoreko I+G+b ekosistemaren azterketa txostenak. Sustapenak berak egin du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sailaren laguntzarekin.
Txostenaren xehetasunak aurkeztu dituzte Unai Andueza Gipuzkoako Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen diputatuak, eta Ane Oiarbide Ekonomia zinegotziak. “Donostiako zientzia eta berrikuntza ekosistema bultzatzen jarraitzeko eta sektore horrekin lankidetzan arituz enpresa ehuna garatzen laguntzeko prest gaude, orain arte bezala, talentuaren eta ekintzailetzaren aldeko apustua eginda. Jakina, biozientzien sektoreak funtsezko eginkizuna dauka hor. Argi dugu hori dela kalitateko enplegua sortzeko, gazteei aukera gehiago eskaintzeko eta gure ekonomia aurrera eramateko biderik egokiena, sortzen ari diren teknologia eta sektoreei onura aterata”, azaldu du Oiarbidek berak.
Bildutako datuen arabera, Donostian metatzen da Gipuzkoako biozientzietako inbertsioaren 91 eta eremu horretako euskal inbertsio osoaren %34. Bio osasuna, bioteknologia, bioinformatika edo adimen artifizial aplikatua dira, besteak beste, ekosistemako ikerketa eta teknologia jardueraren eremu nagusiak.
Txostenak azaleratu duenez, biozientzien sektoreak 1065 langile zituen 2023an Donostian hau da, hirian I+G sektorean lan egiten zuten pertsona guztien % 16. 2022 eta 2023 artean, sektoreko enpleguak bilakaera harrigarria izan du eta %36 inguru hazi da. Zifra horiek argi uzten dute, alde batetik, hiriak biozientzien alde egin duen apustua, eta bestetik, I+G enpleguetan ahalegin handiena jarri duten estatuko hirietako bat dela, ezagutzan, lankidetza publiko-pribatuan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia ereduarekin.
Ekosistema lankidetza publiko-pribatu integraleko eredu batean oinarritzen dela azpimarratzen du txostenak, enpresa pribatuen, euskal osasun sistemaren eta ikerketa zentroen bultzadari onura ateratzen diena. Lankidetza horrek teknologiak ingurune errealetan baliozkotzea ahalbidetzen du, hartara bere inpaktu sozial eta ekonomikoa areagotuz.
100 entitate baino gehiago
Txostenak 106 entitate aktibo identifikatzen ditu Donostiako biozientzien eremuan; horietatik % 52 enpresak dira –40 startup barne–, eta gainerakoak, zentro teknologikoak, I+G enpresa unitateak, unibertsitateak, ospitaleak eta elkarte profesionalak. Horiek guztiek elkarri estuki konektatuta dagoen sare bat osatzen dute, ingurune errealetako berrikuntza eta baliozkotze teknologikoaren motorra dena, Donostiak Zientzia eta Berrikuntzaren Hiri izateko jarraitzen duen estrategia indartuz.
Datuek espezializazio handia azaleratu dute ere: sektoreak 801 patente (% 68 zentro teknologikoetan) eta 2.096 argitalpen zientifiko sortu ditu, eta horrek, Nature aldizkariaren sailkapenaren arabera, munduko ekoizpen zientifiko nabarmenena duten 200 hirien kokatu du Donostia.