Donostiako 48 eragilek bat egin dute turistifikazioaren aurkako manifestazioarekin
Ekainaren 15ean izango da manifestazioa, eta Europako hegoaldeko hiri ugaritan ere turistifikazioaren aurka mobilizatuko dira egun berean.

Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, Europako hegoaldeko turistifikazioaren aurkako SET sarearekin koordinatuta, turistifikazioaren aurkako manifestaziora deitu du Donostian hilaren 15erako. 12:00etan abiatuko da mobilizazioa, Kontxa hondartzako erlojuetatik, Bertan bizi nahi dugu! Stop turistificación! lelopean. Egun berean, Europako hegoaldeko beste hainbat hiritan ere kalera aterako dira turistifikazioaren aurka, SET sarearen deialdiari erantzunez.
“Turismoaren industria kontroletik kanpo dago eta mundu osoan lurraldeak, biztanleen bizitzak eta planeta neurri gabe ustiatzen eta hondatzen jarraitzen du. Gizateriaren ondare komun den elementu natural eta kultural oro pribatizatu eta salgai bihurtzeko hondatzeraino eraldatzen ari da. Bide honetan, hiri eta lurralde askotan eredu ekonomikoa monolaborantza turistikorantz desorekatu da eta gutxiengoaren negozioari gehiengoaren beharrei baino gehiago begiratzen dion hirigintza eredua nagusitu da”, salatu du Bizilagunekinek.
Era berean, gaineratu dute “hiriaren turistifikazioa era beldurgarrian azeleratu” dela azken urteotan eta “hiri eredu zehatz honek bizilagunengan dituen eragin kaltegarriak gero eta larriagoak eta nabarmenagoak” direla: “Urteak dira hiriko hamarnaka biztanle, elkarte eta mugimenduk turistifikazioa gelditzeko eta desazkunde turistikoaren bidetik eredu aldaketarantz urratsak emateko aldarrikatzen dugula. Berriz ere kalera aterako gara egoera salatzera eta herritarron bizi baldintzak erdigunean jarriko dituen hiri ereduaren alde indarrak metatzera”.
Hiri ereduaren eta turistifikazioaren aurkako beste mobilizazio ugaritan gertatu den moduan, Donostiako 48 eragilek bat egin dute ekainaren 15eko manifestazioarekin: Alde Zaharreko Gazte Asanblada (AZGA), Alternatiba, Altza XXI Herri Ekimena, Amara Bai Udalgintza Lantaldea, Ancora, Añorga Txikitarrak Auzo Elkartea, Antikapitalistak, Belartza 2 Gelditu, CNT Gipuzkoa, Dendartean, Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkura, Donostiako Asanblada Transmarikabolloa, Donostiako Bilgune Feminista, Egia Bizirik Auzo Elkartea, Eguzki, EHGAM Gipuzkoa, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, Erdian Bizi Auzo Elkartea, Ernai Donostia, ESK Sindikatua, Euskal Herrian Euskaraz Donostia, Gipuzkoako Taxilari Autonomoen Elkartea, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Herria Kultur Elkartea, Herripe Auzo Elkartea, Hiritarron Harrera Sarea, Ikama Donostia, Ilunki Kultur Elkartea, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea (IZBE), Intziri, Jauzi Ekosoziala, Kaleko Afari Solidarioak, LAB sindikatua, Manteoko Bizilagunak, Martutene Bizirik, Morlanstarrak Auzo Elkartea, Mugarik Gabe, Ondare SS, Parte Zaharrean Bizi, Piztu Donostia, Sarroeta Auzo Elkartea, Satorralaia, SOS Manteo, STEILAS sindikatua, Kaleratzeak Stop Donostialdea, Txago Gipuzkoa, Uliako Auzo Elkartea, Uliako Lore Baratzak eta Urumeako Bizilagunen Elkartea.