Donostiatik ordu erdiro aterako dira udan Loiuko aireportura doazen autobusak

Lurraldebuseko zerbitzuak zabalduko ditu uda honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko eta Hondarribiko aireportuekin konektatzeko. Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak azaldu duenez, ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean, bere departamentuak Loiurekiko konexioak zabalduko ditu, eta Hondarribiko aireportuaren eta Donostiako erdigunearen arteko linea zuzenari ekingo dio berriro.
Dominguezek adierazi duenez, Loiura doan autobusak orduerdiro izango du zerbitzua, eta, horrez gain, ordutegia luzatuko du, lehen bidaiak aurreratuz eta Donostiatik azken irteera atzeratuz, Bizkaiko aireportuko hegaldien eskaintzara egokitzeko.
Ildo horretan, jakinarazi duenez, “Donostiatik orduerdiro zerbitzu bat egongo da 04:30etik 21:30era, eta Bilbotik, berriz, 06:15ean eta 30 minuturo, 07:15etik 00:00etara”. Bidaia guztiak Zarautzen geldituko dira, Donostiatik irteteko ordua baino hamabost minutu beranduago, betiere jatorri hori duen txartela erosi bada. Txartelak leihatilan, Avanzaren webgunean edo 843-74 02 86 telefono zenbakian eskuratu daitezke. Linea hau iaz sartu zen Mugi sisteman, eta, beraz, txartel hori dutenek sistema honek eskaintzen dituen hobari guztiez gozatu ahal izango dute.
Hondarribia eta Donostia arteko linea zuzena
Era berean, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak ekainaren 20tik aurrera ekingo dio berriro Hondarribiko aireportuaren eta Donostiako erdigunearen arteko linea zuzenari. Linea hori joan den udan jarri zen abian lehen aldiz.
Linea honek E30 izena du eta bere geltoki bakarrak Donostiako autobus geltokia eta Hondarribiko terminala izango dira. Donostiatik 07:05, 08:05, 09:05, 10:05, 11:05, 12:05, 15:50, 16:50, 17:50, 18:50 eta 19:50ean irtengo da, eta aireportutik, berriz, 07:35, 08:35, 09:35, 10:35, 11:35, 12:35, 16:20, 17:20, 18:20, 19:20 eta 20:20ean.