Kirol Txartelak %50eko deskontua izango du 15 eta 30 urte bitarteko gazteentzat

Donostia Kirolak eta Rural Kutxak akordio bat lortu dute gazteen artean kirola sustatzeko eta hiriko instalazioetara sartzea errazteko helburuarekin. Hitzarmen horren bidez, %50eko deskontua eskainiko zaie Kirol Txartelaren kostuan 15 eta 30 urte bitarteko pertsona guztiei. Deskontua irailaren 1etik aurrera aplikatuko da, eta akordioak lau urteko iraupena izango du.
Horrela, Rural Kutxak kirol matrikularen kostuaren erdia bere gain hartzeko konpromisoa hartu du, patronatuarekin batera garatuko diren ekintza sorta zabal baten barruan.
Anoetako kirol instalazioak hobetzea
Ildo horretan, hobari horrez gain, Anoetako kirol hiriko ekipamendu teknikoak hobetzen laguntzea ere aurreikusten du akordioak, “kirol lehiakorrerako erreferentziazko zentro gisa sendotzeko, kirola hiriko bizitzan integratuz eta haren irudia nazioartean proiektatuz”.
Horretarako, jarraipen batzorde bat sortzea proposatzen da. Batzorde horretan, Donostia Kirolaz eta Rural Kutxaz gain, federazio nagusiak egongo dira (atletismoa, txirrindularitza, igeriketa…), eta elkarrekin hobekuntzak planteatuko dituzte kirol ekipamendu teknikoetan. Era berean, lankidetza horrek kirol hirian egiten diren kirol modalitateak eta bertako kirolariak bultzatzea ere bilatzen du.
Beste egitasmo batzuk
Herritarren osasuna eta bizi kalitatearen hobekuntza bultzatuko duten ekimenak garatzeko asmoz, akordioan beste jarduera batzuk ere jasotzen dira. Horietako bat Piztu programa bultzatzea da. Programa hori adineko ez-aktibo polimedikatuei zuzenduta dago, eta bizi kalitatea hobetzea du helburu, programatutako eta monitorizatutako jarduera fisikoa eginez. Programa hiriko hamaika anbulatorioetan hedatzen da gaur egun (Altza, Bidebieta, Gros, Intxaurrondo, Egia, Amara, Amara berri, Ondarreta, Loiola, Alde Zaharra eta Aiete), eta 44 harrera talde eta 22 talde egonkor ditu.
Horrekin guztiarekin, urtebetean 2.759 hitzordu pertsonalizatu egitea lortu da; horietatik, 955 dira lehenengo hitzorduak, eta 1.804 jarraipen hitzorduak.
Era berean, hitzaldi eta tailer ziklo ezberdinak sortzea planteatzen da. Bat, nutrizioari, lesioen prebentzioari eta bizimodu osasungarriei buruzkoa, profesional espezializatuekin lankidetzan, herritarrei zein kirolariei, federazioei eta kirol klubei zuzendua. Eta beste batean, talde lana, errespetua, diziplina eta norberaren hobekuntza bezalako balioak sustatzen dira. Azken hori batez ere klub, entrenatzaile, begirale, eskola ume eta gazteei zuzenduta dago. Ziklo hauek Anoeta estadioko auditorioan egingo dira.
Auzoetan kirola egiten laguntzea
Hitzarmenean sartzen den beste elementua auzoan egiten diren kirolen zaintza da. Auzo kirola ekimenaren bidez, eta lankidetza horretan jasota, kirola komunitateetara hurbiltzea bilatzen da, espazio publikoetako kirol jardueretarako irisgarritasuna eta doakotasuna eskainiz, haurrak, gazteak eta helduak integratuz. Hori guztia gizarte eta kirol ehunaren eskutik, bilatzen da. Programa hiriko auzoetan garatzen da, urte osoan zehar, eta kirol formatuak ditu, hala nola lehiaketak edo erakustaldiak, baina baita kulturarekin nahasten diren kirol jarduerak ere.