Kotxetegietako aparkaleku berria azpiegitura elektrikoz hornituko du Dbusek
Bus Elektriko Adimendunaren Sistema ezartzeko beharrezko lanak dira, 17 linea aukeratu dute hura inplementatzen hasteko.

Dbusek kotxetegietako aparkaleku berria azpiegitura elektrikoz hornitzeko eta abian jartzeko lizitazio plegua argitaratu du. Horren bidez, eraikin nagusiaren ondoko aparkalekua elektrifikatuta, Kotxetegietako instalazio guztiak ibilgailu elektrikoak kargatzeko egokituta egongo dira, 2030erako flota %100 elektrikoa izateko Dbusek duen helburuarekin lerrokatuta. Obra gauzatzeko gehieneko epea 200 egun baliodunekoa izango da guztira, eta baldintza izango da hirigintza planeamenduko tresnak onartzea eta ondoren dagozkion hirigintza lizentziak lortzea. Lizitazioaren oinarriko aurrekontua 4.931.623,59 eurokoa da (BEZa sartu gabe).
Lan horiek burututa, Bus Elektriko Adimendunaren Sistema (BEI) ezarriko dute. Horretarako, 17 Gros-Amara-Miramon linea aukeratu dute, “estrategikoa” baita; izan ere, Euskotren eta Dbus arteko intermodalitatea ziurtatzea ahalbidetzen du. Gainera, 15 kilometro inguruko ibilbidearekin, Gros, autobus eta Renfe geltokiak, Amara, Donostiako ospitale gunea eta Miramongo parke teknologikoa lotzen ditu.
Emisiorik gabeko garraiobide elektrikoa izango da eta, oro har, erabiltzaileek bidaia esperientzia “oso ona” izaten lagunduko duten hobekuntzak dakartza. Esaterako, autobusera igotzeko eta bidaia egiteko denborak murriztuko dira, sartzeko ate gehiago gaituko direlako, ordaintzeko funtzionalitate batzuk autobusean sartu gabe egin ahal izango direlako, semaforoetan lehentasuna izateko sistemak egongo direlako… Ibilgailuen barrualdea ere gidari eta erabiltzaileengan pentsatuta diseinatuko dute.
Era berean, markesinek ere diseinu berritzailea eta funtzionalitate berriak izango dituzte, hala nola, informazioa bi aldeetatik emango duen pantaila digitala eta 17 linea identifikatzeko totema, LED argiekin eta minutuak adierazita. Zutoinak dituzten geltokiek ere totem identifikatzailea eta pantaila digitala izango dituzte.
Horrez gain, egungo diesel autobusen ordez, 18 metroko bederatzi autobus elektriko artikulatu jarriko dituzte, edukiera eta erosotasuna hobetuz, eta 239.528 litro gasolio aurreztea eta 645 Tn CO2 gutxiago isurtzea ahalbidetuz.
2022ko otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten hirian autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko, 25,7 milioi euroko aurrekontuarekin. Eusko Jaurlaritzak, FEDER 2021-2027 Euskal Autonomia Erkidegoko Programaren bidez, proiektuaren kostuaren %65 kofinantzatuko du. Donostiako Udalak, berriz, gainerako %35a jarriko du, hau da, 9 milioi euro.