Lau kontzertu eskainiko ditu Gorka Urbizuk azaroan, Viktoria Eugenia antzokian

Gorka Urbizuk lau kontzertu eskainiko ditu Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, azaroaren 13, 14, 15 eta 16an. Kontzertu horiekin emango dio amaiera Tour Bat bira arrakastatsuari. Lekunberriko musikariak mundu guztia harritu zuen ezustean Hasiera bat bakarkako lana kaleratuta (Only InDreams, 2024). Disko honekin lau urteko isilunea apurtu eta harrera beroa jaso du hala entzuleen nola kritikaren partetik. Izan ere, Berri Txarraken agurreko kontzertu sonatu horietatik (Nafarroa Arena, 2019), fokuetatik aldenduta egon da musikaria.
Prentsa musikalean urteko lanik onenen zerrendetan agertu da album hau eta, besteak beste, Musika Independentearen Sarietan Euskarazko Diskorik Onenaren Saria erdietsi eta Musika Bulegoa Saria ere jaso du.
2025 honetan, Urbizuk jotzen jarraitu du hainbat auditorio eta jaialditan, Bakan I izeneko EP-an bi kantu berri kaleratzeaz batera (Herri txiki eta Etorkizuna ginenean). EP sorta baten lehendabiziko alea da hau eta, digitalaz gain, zazpi hatz beteko binilozko edizioa aterako da laster.
Hori gutxi balitz, musikariak iragarri du bere hurrengo kantuak Londresko Abbey Road estudio ikonikoetan grabatuko dituela. Uda partean izango da hori.
Egun Amaia Miranda (gitarra), Karlos Aranzegi (1. bateria), Felix Buff (2. bateria) eta Nando Neira (baxua) musikariez lagunduta, Tour Bat birak estatu osoa zeharkatu du, Kolonbia, Mexiko, Txile eta Argentinatik pasa eta Euskal Herrian berebiziko sona izan du, hainbat hiritan bizpahiru emanaldi jarraian eskainiaz. Azaroan amaituko du bira Gorka Urbizuk, musika berria ontzeko asmoz.
Sarrerak
Donostiako lau emanaldietarako sarrerak ekainaren 4an 11:30ean jarriko dira salgai www.donostiakultura.eus/sarrerak, www.victoriaeugenia.eus eta www.gorkaurbizu.eus webguneetan, eta Viktoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.