Osasungintza publiko eta erabat euskalduna aldarrikatu dute, 500 langileren babesarekin

Aintzat osasungintza euskalduntzeko mugimenduak eta Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak (EHE) agerraldia egin dute astearte arratsaldean Donostiako ospitalean, osasungintza publiko eta euskalduna aldarrikatzeko. Zehazki, Osasungintza euskalduna, behingoz! kanpainaren barruan, “Euskal Herriko alderdi politikoei, sindikatuei, unibertsitateei, nahiz dagokien eragileei” zortzi eskaera egin dizkiete agerraldian, eta nabarmendu dute osasungintza publikoko 501 langileren babesa jaso dutela eskaera horiek.
Aintzateko Unai Larrinagak eta EHEko Intza Gurrutxagak azaldu dutenez, “nekez eraiki daiteke bizikidetzan eta elkarbizitzan oinarritutako gizarte bat, kalitatezko osasun arretarik gabe”. Hori dela eta egin dituzte zortzi eskaera zehatz hauek: arretaren kalitatea eta ekitatea bermatzea, betiere, arreta hori euskaraz jaso ahal izatea bermatuta; lehen mailako arreta euskaraz eskaintzea eta ematea leku guztietan; euskarazko zirkuituak abiaraztea, lehen mailako arretatik ospitaletako arreta espezializatura; ikasketa prozesu oso euskaraz bermatzea eta lehenestea; euskarazko arreta eskaintzea, pazienteak eskatzera behartu gabe; historia klinikoa euskaraz lantzeko eta jasotzeko aukera bultzatzea; euskaraz emandako arreta langileen Lanbide Garapenean kontuan hartzea eta arreta euskaraz emateko baliabideak sortzea eta garatzea.
Nabarmendu dutenez, “lurraldeko eremu batzuetan legezko ofizialtasuna ukatzen zaion arren, euskara da Euskal Herriko hizkuntza, eta, horregatik, osasun arreta euskaraz eskaini, eman eta bermatu behar da, pazienteen nahiz osasungintzako langileen eskubideak bermatuko badira”.
Ildo horretatik, zera gaineratu dute: “Bada garaia euskaldunak ere kontuan hartzeko eta, egun, EAEko Osasun Itunaren osaketan dihardutenei ere, eskakizun horiek berma ditzatela exijitzen diegu. Ez da herri itunik egongo, ezta eztabaidarik ere, euskarazko arretarik ezean”.