Rotetako kolektorea berroneratzeko 3 milioi euro jarriko ditu udalak

Donostiako Udalak Altzako Roteta auzuneko hiri berroneratze integralerako eta udal zerbitzuak berritzeko proiektua bideratu du. Obrak kontratatzeko espedientea onartu dute gaur, 3.191.725 euroko aurrekontuarekin eta hamabi hilabeteko egikaritze epearekin.
Proiektuaren helburua da auzunean sare bereizlea proiektatzea, ur beltzen kolektore baten eta euri uren kolektore baten bidez. Gainera, proiektu honetan kontuan hartzen da hiri drainatze sistema jasangarriak sartzea.
“Altzako Hiri Berroneratze Integraleko Planaren barruan dago, Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren 2022-2024 Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planak finantzatuta”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Hiri eremuan, kaleak eta gune publikoak drainatzeko sistemak egokitu egin behar dira klima aldaketaren ondorioz aurreikusten diren muturreko fenomeno meteorologikoei aurre egiteko. Drainatze jasangarriko sistemek euri uren infiltrazio naturala ahalbidetzen dute, haien bolumena arinduz eta azalera gogorretatik datorren jariatze ura xurgatzea erraztuz.