10.000 pintxo izango dira Koxk! jaialdian, Zaporeaken hamar urteak ospatzeko
Hilaren 15ean egingo dute azoka, Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazan, 11:00etatik 15:00etara.

Zaporeak proiektuak zortzigarren Koxk! ekimena egingo du Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazan, hilaren 15ean. Gaur aurkeztu dute egitasmoa udaletxeko prentsa aretoan, eta jakinarazi dutenez, Zaporeaken hamargarren urteurrena ospatzeko, 10.000 pintxoren erronka jarri dute martxan. Azoka 11:00etan hasiko da, eta 15:00ak bitarte, 50 postu egongo dira jendeak pintxoak eta edariak erosteko, bi euroren truke. Bildutako diru guztia Zaporeakentzat izango da.
Zaporeak proiektua 2015ean jarri zen martxan Intxaurrondon, Greziara iristen ari zen Siriako gerrak sortutako pertsona errefuxiatuen uholdeak bultzatuta. Sei hilabetez laguntzeko ideiarekin joan ziren boluntarioak, eta dagoeneko, hamar urte igaro dira. Hamar urte hauetan 10 milioi otordu banatu dituzte, Chiosen, Atenasen eta Lesbosen.
Gaur egun, Lesboseko errefuxiatuen zelaian bertan banatzen diren 3.000 otordu kozinatzen dituzte egunero Zaporeak proiektuaren sukaldean. “Azken egunotan, otordu bakoitzaren janari kopurua handitu egin da”, jakinarazi du prentsaurrekoan Zaporeakeko Peio Garcia Amiano kideak. Gaineratu du errefuxiatuen zelaian 3.000 lagun bizi direla gaur egun, eta beraz, ia denentzat iristen dela janaria egunero.
Koxk! azokaren nondik norakoak
Aurtengo edizioan, lehen aldiz banatuko dute Juan Mari Arzak Sari Nagusi Herrikoia. Izan ere, aurten, izaera herrikoia emango zaio gazta txapelketari, Idiazabal Gazta jatorri izendapenarekin elkarlanean. Koxk!-eko beste postu bat izango da, eta publikoak, bi euroren truke, aurkeztutako gazta guztiak probatu eta onenaren alde bozkatzeko aukera izango du. Horrela, publikoaren botoen bidez erabakiko dute nork irabazten duen Juan Mari Arzak Sari Nagusi Herrikoia. Orain arte, zazpi gaztandegik eman dute izena.
Beste berritasun bat elkartasun zozketa izango da. Bertaratzen direnek aukera izango dute euro baten truke zozketarako txartelak erosteko. Lacor-eko produktu sortaz eta Zaporeakeko materialaz gain, hainbat jatetxetako esperientziak ere zozkatuko dituzte, besteak beste, Arzak, Astelena, Txoko Getaria, Erre, Rufino taberna eta Estebenea jatetxeetakoak. Zozketa 14:30ean egingo dute.
Azkenik, eguerdian zehar, hainbat kontzertu eskainiko dituzte. Txarangaren eta trikitilarien animazioaz gain, bi kontzertu nagusi egongo dira. 12:00etan, Lizarrako Iratxe abeslariak bere lehen lan laburra aurkeztuko du, Poor Thoughts. 13:30ean, berriz, Postal Kolekzionistak taldeak formatuko akustikoan emango du kontzertua, eta beraien ibilbideko kantuen errepasoa egingo dute.
Gainera, Zaporeakek urtero omentzen ditu bere ibilbidean bidelagun izan dituen pertsonak eta erakundeak Koxk! egitasmoaren egunean. Aurten, Marisol Garmendia zinegotzi ohia; Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua; Juan Carlos Etxeberria, ETBko kazetaria; Luis Etxeberria, Yolanda harategiko jabea; Donostia Sustapena eta Hazi Fundazioa izango dira omenduak.