«Anbulatorio duin baten alde» mobilizatuko dira Martutenen, Txominen eta Loiolan

Osasungintza publikoaren aldeko Olatu Txuria plataformak manifestaziora deitu du larunbat honetarako (hilak 7), Martutenen. Osasun etxe duin baten alde! lelopean mobilizatuko dira, 12:00etan Martutenetik abiatuta eta Txomiñeneko eta Loiolako kaleak ere zeharkatuta.
Izan ere, auzo horietako bizilagunek eta osasungintza publikoaren aldeko eragileek denbora asko daramate aldarrikatzen “osasun etxe duin bat” behar dutela, egun Txomiñenean dagoena baita hiru auzoetarako anbulatorio bakarra. “Osasun etxe berria 2027rako, eta bitartean zer? Martutene, Loiola eta Txominen artean, 12.000 biztanle inguru baino gehiago gara. Pediatra eta familia medikuek artatzea nahi dugu. Artatuak izan nahi dugu gaixorik gaudenean eta dagozkigun osasun azterketak egin ahal izatea. Beste anbulatorio batzuetara edo larrialdietara gehiago ez bidaltzea nahi dugu. Eta ez dugu murrizketa gehiagorik nahi gure osasun publikoan”, salatu zuten apirileko mobilizazio batean.
Larunbat honetako manifestazioak atxikimendu ugari izan ditu: Intxaurralde Jubilatuen Elkartea, Lanberri Txomiñeneko auzo elkartea, Sarroeta Martuteneko auzo elkartea, Loiola Urumea Ibai auzo elkartea, Oleta auzo elkartea, Bideak Bidebietako auzo elkartea, Buenavistako auzo elkartea, Lodabe auzo elkartea, IZBE Intxaurrondoko auzo elkartea, Peña y Goñi Auzoa Eginez auzo elkartea eta Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkartea.