Groseko Surf Indarrak ez du asteburuko surf txapelketan parte hartuko, parte hartzaile israeldarrak daudela eta
Lau surflari israeldarrek hartuko dute parte Donostiako Waxdayz jaialdian, eta jaialdia "neurriak aztertzen" ari da. BDZ taldeak "ahotsa altxatzera" deitu dituzte euskal surflariak. Palestinarekin Elkartasuna taldeak Saguesen egingo du ostiraleko mobilizazioa, 18:00etan.

Ostiraletik igandera (hilak 6-8), Waxdayz surf jaialdia egingo dute Donostiako Zurriola hondartzan, eta World Surf Leagueko (WSL) Junior Pro mailako nazioarteko txapelketa izango da jarduera nagusia —adin txikiko surflariek hartzen dute parte maila horretan—, hainbat herrialdetako surflarien parte hartzearekin. Tartean, Israelgo lau surflarik parte hartzea dago aurreikusita, hiruk gizonezkoetan eta batek emakumezkoetan.
Hori dela eta, Groseko Surf Indarra taldeak txapelketarekin zuen elkarlana bertan behera uztea erabaki du: “Palestinako herria jasaten ari den genozidioa onartezina eta jasanezina egiten zaigu eta gure esku dagoen gutxia egin nahi dugu egoera salatzeko. Kirol munduan erabaki politikoak hartzen dira etengabe, horren adibide, Ukrainako gerraren harira, txapelketetan parte hartzeko Errusiari ezartzen zaizkion debekuak. Pentsatzen dugu Israelekin berdina egin beharko litzatekeela; ahal den eremu guztietan presionatu, baita surfean ere, palestinar genozidioarekin amaitu dezan. WSL-k politika hori jarraitzea nahiko genuke eta ez dugu begi onez ikusten israeldarrak normaltasun osoz parte hartzea gure hondartzan ospatuko den txapelketa batean”, azaldu dute komunikatu baten bidez.
Gaiaren inguruan galdetuta, Waxdayz jaialdiko antolatzaileek nabarmendu dute “genozidio honen erabat aurka” daudela, eta aztertzen ari direla “hartu daitezkeen neurriak”. Hain zuzen ere, asteazken goizean zehar dira neurri horiek jakinaraztekoak.
Mobilizazioa eta salaketak
Palestinarekin Elkartasuna taldea ostiralean 19:30ean zen Donostian mobilizatzekoa, Bulebarretik abiatuta, genozidioa salatu eta Israelen desegitea aldarrikatzeko. Egoera ikusita, ordea, mobilizazioaren lekua eta ordua aldatzea erabaki dute: 18:00etan egingo dute mobilizazioa, Saguesen, ostiralean bertan (hilak 6). Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren Gipuzkoako nodoak (BDZ) deialdiarekin bat egin du eta herritarrak parte hartzera deitu ditu.
BDZ-k aste osoa darama egoera sare sozialetan salatzen, eta komunikatu bat argitaratu berri dute horren harira, surf jaialdian israeldarrak egoteari boikot egitera deituz: “Boikot hau ez da pertsona zehatzen kontrakoa, baizik eta haiek ordezkatzen dutenaren kontrakoa. Garrantzitsua da oroitzea Israelen beharrezko soldaduska indarrean dagoela. Hau da, 18 urte betetzerakoan, surflari horiek erregimenaren parte aktibo izango dira, haiek nahi ala ez. Horren adibidea Anat Lelior da, 2018an Pro Zarautz lehiaketara aurkeztu zena, bi urtez Israelgo Defentsa Indarretan egondakoa”.
Gogorarazi dute, halaber, Errusiaren aurkako boikot neurriak hartzeak baina Israelen aurkakoak ez hartzeak “neurri bikoitz argia” erakusten duela: “Zer ari dira egiten erakunde publikoak? Zer esan behar du honi buruz Donostiako Udalak?”. Horrela, Euskal Herriko suflarien kolektiboak eta, oro har, gizarte osoa “ahotsa altxatzera” deitu dute, eta WSL-ri eta Waxdayz jaialdiari eskatu diete israeldarren parte hartzea “birplanteatzeko”: “Bertakoan eraginez, mundua aldatzeko”.