'Parketik parkera' egitasmoak hiriko parkeak ezagutaraziko ditu

Ingurumenaren Munduko Eguna da bihar, hilak 5, eta horrekin bat eginez, Cristina Enea Fundazioak Parketik parkera ekimena aurkeztu du. Hiriko parkeak ezagutu eta naturarekiko harremanaz gozatzera gonbidatu nahi dituzte familiak, horretarako, urtaro bakoitzean “txoko eder eta enblematiko bat” ezagutzeko bisitak antolatu dituzte.
Lehena, igandean, hilak 8 aurrera eramango dute Aiete parkean, 11:00etan hasita, euskaraz. Hilaren 22an, berriz, jarduera bera egingo dute, baina gaztelaniaz. Batean zein bestean parte hartu ahal izateko izen ematea zabalik dago www.cristinaenea.eus webgunean. Udarako bisita, Urgullen egingo dute; udazkenekoa, Ametzagainan, eta negukoa, Ulian. Horien datak eta ordutegiak zehazteke daude oraindik.
Irteera bakoitzean, parkearen historia ezagutu eta bertako txoko ederrenak arakatuko dituzte. Egitasmoak hiri parkeak balioetsi nahi ditu, hiriaren eta bertako biztanleen ongizatean funtsezko papera betetzen baitute. Donostiak 21 metro koadroko azalera berdea du biztanleko, OMEk bizi-kalitatearen adierazle gisa ezartzen duen batez bestekoaren ia bikoitza.
Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak gogoratu duenez, Donostiak parke eta berdegune sare “paregabea” du, askotan oharkabean pasatzen dena. “Gure osasuna hobetzen duten guneak dira, naturarekin konektatzen gaituzte eta egunerokotasunean atseden bat eskaintzen digute “. Udalak parkeak gero eta “irisgarriagoak, inklusiboagoak eta biziagoak” izatea nahi du, naturaz gozatzea ez baita luxu bat, eskubide bat baizik.