'Futbolaren indarra' erakusketa ikusgai dago Ernest Lluch Kultur Etxean

Real Sociedad Fundazioak Donostia Kirolaren eta Donostia Kulturaren laguntzarekin antolatzen duen Korner kultura eta futbol jaialdiaren barruan, Futbolaren indarra erakusketa ikusgai dago asteartetik hilaren 14ra bitartean, Ernest Lluch Kultur Etxean.
Bildumak futbola kirola baino gehiago dela erakusten du, Jorge Valdano futbol jokalari ohi eta entrenatzaile argentinarraren adierazpen batetik abiatuta: “Futbola garrantzia gutxien dutenen artean gauzarik garrantzitsuena da”. Eguneroko adibideetan oinarrituta, hainbat ikuspuntutatik begiratzen dio; askotariko leku eta egoeretan agertzeko duen gaitasunari erreparatuz: inklusioari eta gizarte kohesioari ematen dion bultzada, mundu osoko ekintza eta proiektuekin; leku harrigarrietan dauden zelaiak, esaterako, plataforma flotatzaileetan, uhartetxoetan edo Kontxako hondartzan; eta gatazketan ere egin duen bidea, Lehen eta Bigarren Mundu Gerretako partida izugarriak edo Afrikako gatazka armatuengatik Peleren Santos taldeak egindako bira, kasu.
Erakusketa ikusgai dago astegunetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.