'Jesusen Bihotza' memoria demokratikoaren aurkako sinboloen katalogoan sartzeko «beste formula batzuk» bilatuko dituzte

Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordea asteazkenean bildu zen, eta Sinbologia Lantaldeak bertan proposatu zuen udalak estatuko administrazio orokorrari eskatzeko Urgulleko Jesusen Bihotza eskultura sar dezala memoria demokratikoaren aurkako sinboloen katalogoan. Batzordea bildu aurretik, Eneko Goia alkatea publikoki agertu zen proposamenaren aurka, eta, hain zuzen ere, proposamenak ez zuen “alkatearen edo memoria historikoaren zinegotzi ordezkariaren babesik izan”, lantaldeak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Hori deitoratu dute lantaldeko kideek —Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak, Aieteko Lantxabe auzo elkarteak, LAB sindikatuak, Gotzon Garmendia memoria historikoan adituak, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak osatzen dute lantalde hori—: “Batzordean ez zen bestelako informazio osagarririk aurkeztu eskulturaren beste jatorri bat frogatzeko, 1939ko maiatzaren 31ko udal aktatik eratorritakoa izan ezik. Izan ere, akta horretan argi eta garbi frogatuta geratu zen eskultura eraikitzeko motibazio nagusia altxamendu frankista eta nazional-katolizismoaren defentsa goraipatzea dela”.
Hain zuzen ere, besteak beste, honakoa dio aktak (jatorrizkoan, gaztelaniaz), Jesusen Bihotza eskulturaren proiektuari buruz: “Gurutzada Nazionaleko martirien uko egite heroikoa adierazpen handi batean betikotu nahi duen ekimena, aldi berean altxamenduaren espiritu funtsean erlijioso mugikor guztia jasoz, bi aldiz sinpatikoa da; izan ere, idazkian adierazten den bezala, ideia bati forma eta arnasa ematen dio, alkateak udaletxeko balkoietatik aldarrikatutako asmo bati”.
Hori dela eta, lantaldeak nabarmendu du “lanean” jarraitzen duela udal bidetik harago, “Jesusen Bihotza memoria demokratikoaren aurkako sinboloen eta elementuen katalogoan sartzeko beste formula batzuk bilatzeko”.
Udalaren Sinbologia katalogoa
Urgulleko eskulturaren inguruko proposamenaz gain, lantaldeak proposatu zuen udalaren webguneko sinbologia frankistari buruzko katalogoa berritzeko, eta horren alde egin zuen aholku batzordeak, oharrean azaldu dutenez: “Batzordeak beharrezkotzat jo zuen memoria historikoari buruzko udalaren webgunearen sinbologia katalogoa berrikustea, eguneratuta ez dagoelako, eta egungo hamasei sinboloetatik hiru baino ez direlako geratzen, eta berriki agertutako beste hiru sartu beharko lirateke”. Izan ere, lantaldeak asteleheneko prentsaurrekoan azaldu zuenez, ezkutuan zeuden hainbat sinbolo frankista agertu dira hirian azken urteotan, besteak beste, eraikinetako fatxaden birgaitzeen ondorioz.