Kapelaren Ibilbideak Boinas Elosegui omendu du, bere 160. urteurrenean

Hirugarren urtez, San Martin Auzoa elkarteak Kapelaren Ibilbidea antolatu du Donostian, igande honetarako (hilak 8). Oihana Hernaiz kapelagileak eta Ibon Etxeberria elkarteko kideak egitasmoaren berri eman dute ostegun goizean Londres hotelean.
Berritasun gisa, aurten, Boinas Elosegui txapela enpresa tolosarra omenduko dute: “Euskal ehungintzaren tradizioaren ikurra, aurten bere 160. urteurrena ospatzen duena. Eta efemeridearen ikur gisa, txapel klasikoek protagonismo berezia hartuko dute edizio honetan. Gainera, Txapelarte izeneko arte erakusketa bat —bertako artistek esku hartutako txapelak biltzen dituena— Gipuzkoako hainbat txokotan bisitatu ahal izango da, eta Minbiziaren Aurkako Elkartearen aldeko enkante solidario batekin amaituko da”, nabarmendu dute antolatzaileek.
“Kapelaren ibilbidea ezinbesteko hitzordu bihurtu da egutegian, tradizioa eta abangoardia, moda eta kultura, herritarrak eta tokiko merkataritza uztartuz. New Yorkeko Easter Parade edo Bartzelonako Passe-jada amb Barret gisako nazioarteko ekitaldietan oinarrituta, Donostiakoa bere izaera propioagatik nabarmentzen da: irekia, doakoa, alaia eta sakon errotua Donostiako udaren hasieran”, gaineratu dute. Edonor joan daiteke Kapelaren Ibilbidera, edozein kapela jarrita.
Egun osoko egitaraua
09:30ean hasiko dira igandeko jarduerak, diana eta joaldunak izango baitituzte Erdialdeko San Martin auzunean. Ondoren, Miramar jauregira joango dira, eta 10:30ean ongietorria eta Donosti Lindy Hop dantza taldearen ikuskizuna izango dute. 11:30ean, Boinas Eloseguiren omenezko ekitaldia egingo dute, eta 12:00etan abiatuko dute Kapelaren Ibilbidea bera.
13:00etan, sariak banatuko dituzte, eta, hain zuzen ere, IRUTXULOKO HITZAren eskutik ematen dute euskal kultura hoberen ordezkatzen duen kapelaren saria. 13:30ean, trikitilariek girotuta, “Pintxo Txapela” hasiko da, kapelaren bat daramaten guztientzako pintxo-potea inguruko zenbait ostalaritza establezimendutan, txanpiñoiekin egindako pintxoekin.
Ondoren, 14:00etan, Alex del Toro DJ-aren emanaldia antolatu dute Manterola kalean, Radio Rebelderen kontzertua 17:00etan Lobo tabernan eta Slow Times Blues Banden kontzertua Londres hotelean eta DJ saioa Villa Favorita hotelean 18:00etan.