«Komunitatea sendotzeko eta ikusgarri egiteko» ekitaldia antolatu du EH Bilduk, legealdiaren ekuatorean

Bi urte bete dira azken udal hauteskundeetan, eta hiria legealdiaren erdian dagoela aprobetxatuta, Bidean gara gehiago ekitaldia antolatu du EH Bilduk hurrengo ostiralerako (hilak 13), Egiako Blas de Otero plazan, 19:00etan —Gladys Enea parkean ziren egitekoak, baina azkenean Blas de Oteron izango da—. Horren berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute ostegun goizean Juan Karlos Izagirre bozeramaileak eta Maria Irigoien arduradun politikoak. Nabarmendu dutenez, ekitaldiaren helburua da “EH Bildu posible egiten duten kide guztiekin biltzea, orain arte egindako bidea aitortu eta etorkizunera begira jartzea”. Era berean, “hainbat sorpresa” egongo direla jakinarazi dute.
“14 urte igaro dira EH Bilduk bere bidea abiatu zuenetik; ordutik, bide partekatu eta kolektibo bat eraiki dugu, eta konpromisoz beteriko komunitate baten sostenguari esker iritsi gara gaur arte. 2023ko hauteskundeetan jauzi nabarmena eman genuen, eta hiritarren mandatua argia izan zen: Donostiak norabide aldaketa behar du, eta EH Bildu tresna ezinbestekoa da aldaketa hori gauzatzeko”, nabarmendu dute EH Bildukoek.
Ekitaldian, bere “komunitatearen indarra erakutsi eta partekatu” egingo du oposizioko alderdiak, Irigoienek esan duenez: “Legealdi erdiko talaiak aukera ematen digu patxadaz, baina ausardiaz, orain arteko lana baloratzeko eta aurrera begirako pausoei buruz hitz egiteko. Ekitaldian gurekin bidea egin duten kide zahar eta berriak bilduko dira, eta haiekin marraztuko dugu etorkizunerako bide kolektibo eta ilusionagarri hau”. Ekitaldira “EH Bilduren proiektuarekin bat egiten duen edonor” dago gonbidatuta, eta, amaieran, jatekoa eskainiko dute, baita sammer Band talde amazigaren kontzertua ere.
“Gobernatzeko prest”
EH Bildukoen ustez, alderdiak “lidergo argia” dauka “Donostiako hainbat alor estrategikotan: etxebizitza, turismo, gizarte zerbitzuak, mugikortasuna, Bretxaren etorkizuna edota herritarrekin elkarlanean aritzea, besteak beste”. “Gai askotan, udal gobernuak gure planteamenduen norabidean diskurtsoak aldatzen hasi dira, aurrerapauso txiki batzuk eman dituzte, baina betiko inertziek jarraitzen dute nagusi”.
Hori dela eta, beraiek “gobernatzeko prest” daudela nabarmendu dute: “Hiri justuago eta bizigarriago bat eraikitzeko lanean jarraituko dugu. Eta hori egiteko, beharrezkoa da aldaketaren aldeko jendea alboan izatea. Prest gaude hurrengo jauzirako, eta prest gaude gobernatzeko. Uste dugu garaia dela, eta konpromiso eta gaitasun osoz helduko diogu erronka horri”.