Sama Abdulhadi palestinarra, Octave One bikote estatubatuarra eta Helena Hauff alemaniarra aurtengo Dantz Festivalen

Dantz jaialdiaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dute goizean udaletxean, Dantz-eko zuzendari Jokin Telleriak eta Donostia Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Jon Insaustik. Tokiko, estatuko eta nazioarteko aniztasun artistikoaren adierazleak bilduko ditu, tartean, Sama Abdulhadi palestinarra, Octave One bikote estatubatuarra eta Helena Hauff alemaniarra. Abuztuaren azken asteburuan, 29an eta 30ean, aurrera eramango dute 3.000 lagunentzako edukiera duen Miramongo anfiteatroan. Larunbateko saioan elektronika esperimental eta sentsorialetik hasi eta kluberako erritmo indartsuetara doan musika eskainiko dute anfiteatroko agertoki nagusian eta goiko frontoian egongo den Dantz Radio Stage-an.
Telleriak gogoratu du 2017an hasi zutela “abentura”, Tabakalera inguruan egindako jaialdi txiki bat, atzemandako “hutsune kultural bat” betetzeko. “Oso pozik gaude garena izatera iritsi garela ikusita”. “Kultur marka” bilakatu dira, jaialdi bat baino gehiago, eta natura, ondarea eta musika elektronikoa lotzen dituen Dantz point ekimena nazioartera ere iritsi dira, aurten, Suedian egingo baitute.
Musika elektronikoak gizarteak behar dituen zenbait ezaugarri dituela nabarmendu du, besteak beste, “askatasun eta berrikuntza esparruak” sortzen baititu; eta egindako bidean emandako “laguntza eta babesa” eskertu dio Telleriak udalari.
Insaustik erantzun dio Donostia Kulturaren eginbeharra grina duten proiektu berriei “oxigenoa eta espazioak” eskaintzea dela. Halaber, Dantzek hiriari egindako ekarpena ere nabarmendu du, eskaintza soiletatik haratago joaten jakin baitu: “Lortu du existitzen ez zen eskaintza bati erantzutea, bere ekarpena egitea eta gainerako eskaintza sartzea natural eta sano”.
Egitarau osoa eta jaialdiko abonamenduak salgai daude dagoeneko jaialdiaren webgunean. Datozen egunetan, eguneko sarrerak ere eskuragarri izango dira.