Zer plan astebururako Donostian?

Astebururako plan bila zabiltza? Aukerak ez zaizkizu faltatuko Donostian. Alde batetik, ez ahaztu Larratxoko jaiak ospatuko dituztela asteburu osoan zehar —hemen daukazue egitaraua—, eta, bestetik, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizuegu jarraian; horrez gain, gure agendan aukeraketa zabalagoa aurkituko duzue.
Ostiralean (hilak 6), Tabakalerara joatea da gure proposamena: Euskal emakume zinemagileak zikloaren barruan, Arduraz komunika dezagun filma (Aitziber Zapirain, 2021) proiektatuko dute 19:00etan. Sarrerak hemen daude salgai (4 euro).
Larunbatean (hilak 7), Tabakalerara joatea gomendatuko dizuegu baita ere, baina kontzertu batera, Peachy Joke eta Bobbi Relac rock taldeek joko baitute 20:00etan. Sarrera doakoa izango da.
Igandean (hilak 8), Altzako bertso jaialdia da gure proposamena. 18:00etan hasita, Aner Peritz, Maider Arregi, Andoni Rekondo eta Miren Artetxe bertsolariak arituko dira Harria parkean, eta Amaia Agirre izango da gai jartzailea. Era berean, Altzako haur, gazte eta helduen XV. Arantza Hernandez Ezeiza Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa egingo dute.
Bonus track: astean zeharrerako plan bat ere proposatuko dizuegu: SADEren mendeurrenaren bueltan, Pulp Fiction filma (Quentin Tarantino, 1994) filma proiektatuko dute Principe aretoan astelehenean (hilak 9), 17:00etan. Ondoren, Harkaitz Cano idazleak eta Begoña del Teso zinema kritikariak solasaldia egingo dute. Sarrerak hemen daude salgai (3 euro).