Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean ehungintzaren arloan sortu ziren lore motiboen bilakaera

San Telmo museoak Museo del Trajerekin lankidetzan, Lorategi bat soinean erakusketa aurkeztu du. Iaz Madrilen ikusgai egon ondoren, San Telmo museoak bildumaren funtsak erakusgai jarri ditu. Irailaren 28ra arte iraungo du erakusketak.
Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean ehungintzan sortu ziren lore motiboen bilakaera aztertzen du, batez ere, Museo del Trajeren (76 pieza) eta San Telmo Museoaren (23 pieza) bildumen bitartez. Garai hartan gizakiak mundu naturalarekin zuen harremanean gertatzen ari ziren aldaketa sakonen isla bihurtu ziren irudikapen horiek, baita ideia artistiko, zientifiko eta filosofiko berrien eferbeszentziarena ere. Era berean, merkataritza trukeen eta aurrerapen teknologikoen eraginak gurutzatzen dira; horiei esker,lore irudikapenak oso azkar aldatu ziren, XVIII. mendeko eta XIX. mende hasierako gustuak izan zuen bilakaeraren funtsezko lekuko bihurtuz.
130 pieza inguru
Erakusketan 130 pieza inguru daude zazpi ataletan banatuta. Horien muina Museo del Trajeko eta San Telmo Museoko jantzien eta ehunen bilduma historikoek osatzen dute. Beste erakunde batzuetako dokumentu eta bibliografia, pintura, zeramika eta dekorazio arteetako funtsak ere badira: Museo Nacional deArqueología, Museo Nacional de Artes Decorativas, Real Jardín Botánico, Banco de España Bilduma,Valentziako Arte Ederren Museoa, Museo Nacional de Escultura eta Cristóbal Balenciaga Museoa.
Gaur egungo jantzi batzuk ere badaude ibilbidean zehar, euskal modaren diseinuarekin lotuta; Euskal Herrian jaiotako diseinatzaileenak dira batzuk, hala nola Balenciaga, Fernando Lemoniez edo Modesto Lomba, eta josteko etxea hemen izan zutenenak beste batzuk, Pedro Rodriguez, esaterako.
Erakusketaren harira antolaturiko bisita gidatuak eta jarduerak San Telmo museoan webgunean kontsultatu daitezke.