«Guk ez dugu udalaren arazoa konponduko ordu estrak egiten»
Donostiako erdigunea Isuri Gutxiko Eremua den moduan, Suhiltzaile Gutxiko Eremu izendatu berri dute hiria suhiltzaileek. Egoitz Urbe (Errenteria, 1979) suhiltzaileak eta Gorka Goiatxe (Antigua, 1972) teknikariak izendapen horren zergatia azaldu dute. «Mugara» iristen ari direla diote.

Zein da bizi duzuen egoera?
Gorka Goiatxe (G.G): 2023ko abuztuan hasi ginen mobilizatzen, eta hainbat puntu eskatu genituen, baina bete ez den bakarra lantaldea handitzearena izan da. Kontuan izateko, Donostiaz gain, Donostialdeko hainbat herrietan ere egiten dugu lan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena baitaukagu. Biztanle bakoitzeko behar diren suhiltzaileen ratioa kontuan izanda, EAEko hiriburuetako txikiena dugu. Teorikoki, foru aldundiak dituen ratioak beteko bagenitu, bospasei suhiltzaile gehiago izan beharko lituzke Donostiako brigada bakoitzak, 30-32 suhiltzaile gehiago guztira.
Langileak hurrengo bost urteetan modu mailakatuan sartzeko proposatu diogu udalari; hau da, brigada bakoitzari kide berri bat sartzea urtero. Martxoan helarazi genion proposamena eta ez du inolako erantzunik eman. Momentu honetan, lanean gauden suhiltzaile kopuruekin ezin ditugu protokolo berriak martxan jarri.
Sare sozialetan salatzen duzuenez, egun batzuetan greba bateko zerbitzu minimoekin ari zarete lanean. Donostiako eta Donostialdeko biztanleentzat segurua da zuek lan baldintza horietan lan egitea?
Egoitz Urbe (E.U.): Guretzat ez, eta hor udalarentzat galdera sortzen da: zer nolako suhiltzaile zerbitzua nahi dugu Donostiarentzat? Mundu mailan lehen lerroan kokatu nahi dugun hiri bat da, kulturalki, kirolean, turismorako… baina suhiltzaile zerbitzua ia-ia hirugarren mundukoa da. Horregatik, jende gehiago eskatzen dugu, ez da kapritxo bat. Sute bat daukagun momentuan, hamaika suhiltzaile ateratzen gara beti. Donostialdean ere zerbitzua ematen badugu, ez dago suhiltzailerik beste edozein larrialdiri aurre egiteko. Eta nahi baino gehiagotan suhiltzailerik gabe gelditzen da parkea.
Esku hartze motak eta kopurua bera gero eta handiagoak dira. Orain, liztorren denboraldia hasiko da, eta hiru suhiltzaile ateratzen gara horietara. Hamaika baldin bagaude eta hiru liztorretara ateratzen badira, ez dugu segurtasunez lan egiten beste larrialdi bat ematen bada.
Sute bat Donostian eta Usurbilen auto istripu bat ematen baldin bada, parke hau ez da iristen bi larrialdietara?
E.U: Egunaren arabera. Hamabost suhiltzaile baldin bagaude iristen gara, baina, hamaika egonez gero, ez gara iristen.
Eta kasu horietan nola erabakitzen da zein larrialdik duen lehentasuna?
E.U: Lehenengo jakinarazten digutenari heltzen diogu.
G.G: Eta, larrialdiaren arabera. Zaintzan dagoen ofizialak erabakiko luke. Lehentasuna, teorikoki, Donostiak du, baina arrisku edo larrialdi gehiena duena ere kontuan izaten da.
Donostiako beharrak asetzeko pertsonalik gabe zaudete, eta beste sei herrietako (Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta, Hernani, Astigarraga eta Pasai Antxo) larrialdiei zerbitzua eman behar diezue?
E.U: Hori da. Kontua da 20.000 biztanleko suhiltzaile parke bat egon behar da, baina legeak dio foru aldundiarekin akordio batera iritsi zaitezkeela zerbitzu hori aldundiak emateko. Donostiak bere parke propioa du, baina gainerako herriak aldundiaren mende daude, eta aldundiak Donostiako Udalarekin adostu zuen hiriko suhiltzaileek herri horietan zerbitzua ematea. 30 urtetan suhiltzaileen lantaldea ez da handitu, eta hiriak, orain, inoiz baino biztanle gehiago ditu.
Beste herri horietako ordezkariekin hitz egin duzue. Zein izanda haien erantzuna?
G.G: Haiek ez zuten egoeraren berri, eta pilo bat eskertu ziguten egoeraren berri eman genielako. Aldi berean, oso harrituta zeuden. Istripu larri bat izanez gero, eta guk joan ezingo bagenu, Zarautzetik edo Irundik iristeak zer arrisku izan dezakeen azaldu genien.
Eta zein da udalaren erantzuna?
E.U: Udalak badaki hamaika suhiltzailerekin ezin dela zerbitzua eman Donostian, eta are gutxiago Donostialdean. Gauden suhiltzaile kopuruarekin, dauden gabeziak betetzen saiatzen ari da, ordu estrekin edo ahal dituen tresna guztiak erabiliz. Ez du ezer jakin nahi lantaldea handitzearen inguruan.
Eta foru aldundiak zer dio?
E.U: Aipatu behar da oraintxe foru aldundiak eta udalak hitzarmen berria sinatu dutela, duela hamazazpi urte berrikusi gabe baitzegoen. Badakigu tirabirak egon direla. Udalak diru gehiago eskatu zion aldundiari, eta milioi bat gehiago jasotzea lortu du, guztira 2,7 milioi euro. Horregatik, lantaldea handitzea eskatzen diogu udalari.
Zeintzuk izaten dira ordu estrak egiteko arrazoiak?
E.U: Suhiltzaileon prestutasuna urtean 365 egunekoa eta egunean 24 ordukoa da. Baina udalak ez duena ulertzen da, ez dela gauza bera zure txanda bukatu eta ordu bat edo bi gelditzea, edo zure jai egun batean edo abenduaren 25ean zure familia alde batera uztea larrialdi bat gertatu delako. Hori arautzeko gatazka daukagu. Parkean unean uneko larrialdiei aurre egiteko adina suhiltzaile ez dauden egoeretarako da gure prestutasuna. Udalak prestutasun hori ekitaldiak betetzeko nahi du: kontzertuak, Aste Nagusia, estropadak eta su artifizialak, adibidez. Horiek guztiak jai eguna duten suhiltzaileekin betetzen dira.
G.G: Hondamendi handi bat baldin badago, larrialdien legeak parkera etortzera behartzen gaitu, baina hori mugatua dago.
«Hamaika bagaude eta hiru liztorretara ateratzen badira, ez dugu segurtasunez lan egiten beste larrialdi bat ematen bada»
Egoitz Urbe, suhiltzailea
Baina egoera horiek ematen ari dira ez?
E.U: Bai. Argi dago zuloa gero eta handiagoa dela, eta gero eta ordu estra gehiago sartzen ari garela. Guk argi daukagu udalak ez badu apustua egiten lantaldea handitzeko, guk ez dugula udalaren arazo hori konponduko ordu estrak egiten.
G.G: Udalarentzat errazagoa da ordu estra horiek ordaintzea, lantaldea handitzea baino. Horrek eskaintzen dugun zerbitzuaren kalitatean eragiten du, eta kalitatea suhiltzaileetan hiritarrei ematen diezun segurtasuna eta profesionaltasuna da.
Baldintza horietan lan egitea arriskutsua da zuentzat?
E.U: Segurtasunari dagokionez, bai. Gure prebentzio legea bete behar dugu, eta lege hori gero eta zorrotzagoa da gurekiko. Horretarako, suhiltzaile kopuru jakin batera iritsi behar gara. Ez bagaude behar adina, lege hori ez betetzera iritsi gaitezke. Gu borondate onez joaten gara, eta guregan erortzen da ardura.
Gero eta ekitaldi handi gehiago daude hirian eta, segurtasun protokoloagatik, zuek joan behar duzue, zuen jai egunetan. Udalari eskatu diozue horrelako ekitaldiak ez antolatzeko?
E.U: Esan izan diogu. Baina horrez gain, udala oso erreserbista da, eta legeak ez badu behartzen, ez gaitu bidaltzen. Eta, goazenean, askotan, gure jai egunetan goaz. Aste Nagusiko su artifizialak edo Rammsteinen kontzertuen modukoak bertan behera geratu daitezke gu ez baldin bagoaz, protokoloa eta legea ez delako betetzen.
G.G: Era berean, horrelako ekitaldiek sortzen duten hiriko kolapsoa ere nabarmena da, eta beste nonbaitera joan behar baldin badugu, zaildu egiten zaigu mugitzea. Iaz, Gernikako Arbola kalean erre zen autora ezin izan ginen iritsi, eta urrutitik bota izan behar genuen mangera.