Ingurumenari oztopoak kentzeko ahalegina
Donostiako Udalak Artikutzako presa partzialki eraistea erabaki du, bertan bizi diren espezieen joan-etorria errazteko. 43 metroko garaierarekin eta 180 metroko luzerarekin, Europan esku hartze bat egingo dioten presa handiena da.

Artikutzako presa partzialki eraitsiko dute Donostiako Udalaren ekimenez, eta zazpi metroko zabalerako arrakala egingo diote. Horren bidez, errekastoaren ibilbidea eta eremuan bizi diren espezieen joan-etorria erraztu nahi dute. Historikoki eta ingurumenari dagokionez, esku hartze esanguratsua izango da hori.
XX. mendearen erdialdean eraiki zuten azpiegitura, 1947-1953 urteen artean, baina ez zen inoiz ehuneko ehunean martxan jarri, egiturazko arazoengatik. Horrek desagertzeko arrisku larrian dauden espezie enblematikoen habitatari eragiten dio, hala nola, muturluze iberiarrari. Artikutza izenez ezagutzen den arren, urtegiaren benetako izena Enobieta da, eta Donostiaren udal ur iturria izan zen 1960tik 1976ra. Urte horretatik aurrera, Añarbeko urtegia zerbitzuan jarri zenez, ez zen ia erabiltzen, eta 1992an, ur hornidura behin betiko eten egin zuten.
43 metroko garaierarekin, 180 metroko luzerarekin eta 35 metroko lodierarekin, Europan esku hartze bat egingo dioten presa handiena da, Vezins (Frantzia) presaren gainetik, 36 metroko garaiera duena eta partzialki eraitsi zutena 2019 eta 2020 bitartean.
Urtegiaren hustuketa
1948an, urtegia eraikitzen hasi zirenean, arazo geologikoak antzeman zituzten ezkerreko estribuan, eta horregatik ez zen inoiz bere edukieraren ehuneko ehunean bete, erdiraino baizik. Aldi berean, Donostia eta inguruko herriak hazten joan ziren; ondorioz, urtegiko ur kopurua ez zen nahikoa biztanleak hornitzeko, eta horregatik eraiki zuten Añarbeko presa.
2002an, maniobra sistema elektrikoaren akats baten ondorioz, presak erregulazio funtzioa galdu zuen. Une horretan, Donostiako Udalak konpontzearen edo zaharkituta uztearen artean erabaki behar izan zuen. Ingurumen eta ekonomia inplikazioak baloratu ondoren, erabilerarik gabe uztea erabaki zuen, eta 2017 eta 2019 urteen artean hustu egin zuten.
Hustu ondoren, presarekin zer egin planteatu behar izan zuten, eta horretarako hiru aukera aztertu zituzten: dagoen moduan uztea, erabat eraistea edo zati bat eraistea. Azkenean, hirugarren aukera onartu dute, eta jarduketak egiteko zazpi hilabeteko epea ezarri du udalak. Proiektura 1.599.389 euro bideratuko dituzte, eta lanak 2026an egitea aurreikusten dute.