Luisita eta Luisito ate joka dituzte Herreran
Ekaina da, eta horrek gauza bakar bat esan nahi du Herreran: jaiak hastear direla. Hilaren 21eko San Luis egunaren bueltan antolatzen dituzte festak, baina hiru asteburuz disfrutatuko dituzte aurten ere, auzoa horrenbeste alaitzen duen jai giroa ahalik eta gehien luzatzeko.

Bi aste barru da San Luis eguna (hilak 21), Herrerako jaietako egun handia, baina gaur bertan hasiko dira motorrak berotzen, kirol asteburua baitute aurretik: Mozkor Frentekideok pilotazale taldearen jaietako pala kopako eta ligako finalak jokatuko dituzte gaur eta bihar, besteak beste. Kirola egin ostean, Larratxora joango dira, asteburu honetan baitira ondoko auzoko jaiak: «Beti bat egiten dute gure kirol asteburuak eta Larratxoko jaiek, eta hara bideratzen ditugu herreratarrak bazkalostean, noski!», nabarmendu du Ane Lazkano jai batzordeko kideak.
Jaiak hiru asteburuz luzatzeko arrazoia galdetuta, argi dauka Lazkanok: «Kostatzen da egunerokotasunean auzo bizitza sustatzea, eta horregatik antolatzen ditugu urtean zehar ere zenbait jarduera, jendea kalera ateratzera animatzeko. Auzo txikia da gurea, bistaz behintzat elkar ezagutzen dugu eta horrela izaten jarraitu nahi dugu; jaiak horretarako tresna nagusia dira guretzat. Egun horietan, auzoa bizirik ikusten da, euskaraz egiten ditugun jaiak dira gainera… horregatik luzatzen ditugu jaiak, hein handi batean». Hala ere, aitortu du antolatzea «lan handia» dela eta, horregatik, auzotarrak animatu ditu «parte hartzera eta laguntzera».
Kontzertu handiak eta askoz gehiago
Ohiko egitura mantendu dute Herrerako jaietako egitarauan: kirol asteburua lehenik, kontzertu handien ostirala hurrengo astean —aurten, Asgarth, Boikot eta Herenegun—, Haurren Eguna larunbatean —tartean paella lehiaketa eta Elektro Buiaka herreratarren emanaldi arrakastatsuak—, Euskal Jaia igandean, bere Boilur Azokarekin eta Marianito Festarekin —iluntzean, erromeria gidatua edo saltsa gaua, animoen arabera—; eta, astean zehar zenbait entsegu egin eta atsedenerako tartea hartu ostean, hirugarren eta azken asteburua: Futbolin Txapelketa ostegunean Nido tabernan, Herrerako Harria apustua ostiralean —500 kiloko harria frontoiko aldapan gora igotzen lehiatuko dira bost talde—, San Luis eguneko haur eta helduentzako askotariko jarduerak larunbatean eta San Joan bezperako ospakizunak astelehenean.
Lazkanok nabarmendu duenez, jaiak asteko irrikaz daude auzoan: «Ekainak jaien hasiera esan nahi du Herreran, auzotar guztion egutegietan markatuta dauden asteburuak dira». Herreratarren egutegietan ez ezik, donostiar askoren egutegietan ere markatuta daude jaietako egun jakin batzuk, bereziki, kontzertu handien asteburua, eta horrekin oso pozik agertu da jai batzordekoa: «Guretzat, oso pozgarria da hori, ez baita erraza jendea Herrerara etortzea lortzea. Aurten, Fermin Muguruzaren Anoetako kontzertuarekin bat egiten du asteburu horrek, baina bi planak bateragarriak dira eta Anoetara ez doazenentzat, aspertzeko astirik ez da izango auzoan!».