Donostian ospatu dute Europa Sariaren 70. urteurrena

Bi egunez, “europeismo demokratikoaren epizentro bihurtu da Donostia”, Donostiako Udalaren hitzetan. Izan ere, hirian egin dituzte Europa Sariaren 70. urteurrena ospatzeko ekitaldiak. 1955etik banatzen dute sari hori, Europako hiriek Europako Kontseilua sortzera eraman zuten balioekin daukaten konpromisoa aitortzeko helburuarekin: “alegia, demokrazia, giza eskubideak, lankidetza eta bakea”, azaldu du udalak.
Donostiak 2019an jaso zuen sari hori, eta aurten urtemuga horren egoitza izateko aukeratu dute hiria. Horren harira, elkarrekin zenbait ekitaldi antolatu dituzte Donostiako Udalak, Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioak eta Europa Saria jaso duten Hirien Elkarteak.
Ekainaren 5ean (osteguna) hasi ziren ospakizun ekitaldiak, Europako Saria jaso duten Hirien Elkartearen Batzar Orokorrarekin. Bileran, Europa osoko ordezkari instituzionalak eta udal ordezkariak bildu ziren, tokiko demokraziarekin konprometitutako europar gazteen talde batekin batera.
Hurrengo egunean, hilaren 6an, Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioak Miramar Jauregian antolatutako nazioarteko konferentzia izan zen ekitaldi nagusia. Konferentzia horretan, udalak azaldu duenez, “Europako parlamentariek eta alkateek, gobernantza demokratikoko adituek eta Europa Saria jaso duten zenbait hiritako gazteek elkarrekin hausnartu zuten hiriek Europako proiektuaren bermatzaile gisa betetzen duten zereginari buruz”. Bestalde, arratsaldean, Europa Sariaren 70. urteurrena ospatzeko ekitaldi ofiziala egin zuten udaletxeko udal batzar aretoan, udalaren hitzetan, “hiriek europar balioen bermatzaile gisa betetzen duten eginkizuna nabarmentzeko”.