Osasun etxe duin baten alde mobilizatu dira Martuteneko, Txomiñeneko eta Loiolako bizilagunak

Osasungintza publikoaren aldeko Olatu Txuria plataformak deituta, osasun etxe duin baten eta osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa egin dute Martuteneko, Txomiñeneko eta Loiolako bizilagun ugarik, auzo horietako kaleetan zehar. Hiru auzoetako eta hiriko beste auzo batzuetako hainbat eragilek bat egin dute mobilizazioarekin: Intxaurralde Jubilatuen Elkartea, Lanberri Txomiñeneko auzo elkartea, Sarroeta Martuteneko auzo elkartea, Loiola Urumea Ibai auzo elkartea, Oleta auzo elkartea, Bideak Bidebietako auzo elkartea, Buenavistako auzo elkartea, Lodabe auzo elkartea, IZBE Intxaurrondoko auzo elkartea, Peña y Goñi Auzoa Eginez auzo elkartea eta Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkartea.

Txomiñenean dago Loiolari, Txomiñeneari eta Martuteneri zerbitzua ematen dion anbulatorioa.Beñat Parra
Martuteneko biribilgunetik abiatuta, Loiolaraino joan dira manifestariak, han buelta eman eta manifestazioa Txomiñenean bukatzeko, hiru auzoei zerbitzua ematen dien osasun etxearen aurrean. Bertan, Olatu Txuria plataformako Idoia Sernak eta Sarroeta auzo elkarteko Laida Etxeberriak eta Lanberri auzo elkarteko Ana Lopezek egin dituzte adierazpenak: “Hiru auzoetako bizilagunen kopurua kasik bider hiru handitu da azken urteotan, eta jarraitzen dugu 45 urteko osasun etxearekin eta langile murrizketarekin. Horrek gure bizitza jokoan jartzen du, gaixorik egonik arreta epe luzean bada, larrialdietara jo behar dugulako, larrialdiak kolapsatuz”, salatu dute.
Era berean, salatu dute anbulatorioan ez dutela “zerbitzu mediku edo pediatrikorik ematen 15:00etatik 17:00etara”, eta indarrean sartu berri direla “udako murrizketak”: irailaren 30era bitarte, 17:00etan itxiko dute osasun zentroa, eta larrialdiak Bengoetxea kaleko osasun etxean artatuko dituzte.
“2027ra arte, zer?”
Borroka luze baten ostean, azkenean, erakunde publikoek hitzartu dute Urumeako ibarreko hiru auzo horientzako anbulatorio berria 2027an egongo dela prest. Horrekin pozik agertu dira bizilagunak, baina baita mesfidati ere: “Ordura arte, zer? Gobernuak azken urteotan adarra jo digu. Orain, hitzarmena egonik, zergatik hain epe luzea osasun etxea egiteko?”. Hain zuzen ere, ironiaz, gogorarazi dute Basque Culinary Centerren GOe eraikina “oso azkar” eraikitzen ari direla.