Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra, Euskadiko txapeldunorde
Donostiako traineruak bigarren gelditu dira Bermeon jokatutako Euskadiko Traineru Txapelketan, Donostia Arraun Lagunak emakumezkoetan eta Donostiarra gizonezkoetan.

Txapelketen sasoia amaitzeko, Euskadiko Traineru Txapelketa jokatu dute igande goizean Bermeon (Bizkaia), eta bertan parte hartu dute Donostiako hiru traineruk: Donostia Arraun Lagunak-ek emakumezkoen estropadan, Donostiarrak gizonezkoetan eta Fortunak beteranoetan. Lehenengo biak txapeldunorde gelditu dira, eta Fortuna hirugarren.
Emakumezkoetan, Tolosaldea izan da garailea, 10:53.58 minutuko denbora eginda. Donostia Arraun Lagunak oso gutxigatik helmugaratu da atzetik, 78 segundo ehunen mantsoagoa baino ez baita izan. Hibaika izan da hirugarrena, eta atzetik heldu dira Zarautz, Kaiku, Ondarroa, Deusto eta Portugalete.
Gizonezkoetan, Orio izan da azkarrena, 20:03.18 minutuko denbora eginda. Donostiarra 2.78 segundo beranduago heldu da helmugara, bigarren geldituz. Bermeok osatu du podiuma eta atzetik iritsi dira Zierbena, San Juan, Hondarribia, Isuntza eta Itsasoko Ama.
Azkenik, beteranoetan, Badok 13 izan da garaile, 10:13.91 minutuko denborarekin. Getxo izan da bigarren (+00:07.58) eta Fortuna donostiarrak osatu du hiruko azkarrena, 10:21.99 minutuko denbora eginda. Atzetik gelditu dira, ordena honetan, Illunbe, Mundaka, Zumaia, Bilboko Beteranoak eta Itsasoko Ama.