80ko hamarkadako lau euskal film zaharberritzen ari dira, Zinemaldian emateko
'Ehun metro', Zergatik panpox', 'Hamaseigarrenean aidanez' eta 'Oraingoz izen gabe' dira zaharberritzen ari diren lanak. Zinemaldiko Klasikoak sailean ikusi ahalko dira.

Euskadiko Filmategia 1980ko hamarkadako lau euskal film ertain zaharberritzen ari da, eta irailean proiektatuko ditu jendaurrean, Donostiako Zinemaldiko Klasikoak sailean. Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986) dira zaharberritzen ari diren filmak. Lehenengo hirurak, 1985ekoak, Eusko Jaurlaritzak euskarazko zinema sustatzeko oso-osorik finantzatutako lehenengo proiektuaren barruan egin zituzten.
Bolognako (Italia) L’immagine Ritrovana laborategietan egiten ari dira zaharberritze lanak, eta lau zuzendariak uztail hasieran joango dira hara, lanak gainbegiratzera. Filmategiak eta EITBk bultzatutako proiektua da, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, 80.000 eurorekin. Tabakaleran aurkeztu dute proiektua astelehen goizean, Eusko Jaurlaritzako, EITBko eta Zinemaldiko ordezkariekin eta lau lanetako zuzendariekin. Hain zuzen ere, lau zinemagileak oso pozik agertu dira proiektuarekin.
Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, hain zuzen ere, “erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia” nabarmendu du: “Euskarak, eta euskal kulturak, guztion bultzada behar du, apustu sendoak behar ditu. Euskara, eta euskal zinema, gure identitate kolektiboaren parte eta isla direlako. Gaur aurkezten ari garenaren moduko proiektuek gure iraganari etorkizuna ematen diote, euskal kultur zinematografiaren ondareari etorkizuna ematen diote”.
Bestalde, EITBk filmen zaharberritze prozesua jasoko du Itzalak Argitzen dokumentalean (Berde Produkzioak eta Koldo Almandoz): “Estreinatu eta ia 40 urtera, lau zuzendariak Bolognara joango dira Italiako laborategietan egiten ari diren lanaren lekuko zuzenak izateko. Era berean, dokumentalean istorioen benetako eta fikziozko espazioak agertuko dira eta zaharberritze prozesua nolakoa den ikusiko da Filmategiko arduradunen eskutik”.