Bederatzigarrenez aurrera eramango dute Tximist Cup nazioarteko txapelketa

Asteazkenean ekingo diote bederatzigarren Tximist Cup emakumezkoen nazioarteko futbol txapelketari, eta hilaren 23ra bitartean luzatuko da. Guztira, 2.500 bat futbolari ariko dira eta 30 partida baino gehiago jokatuko dituzte Donostia eta Hondarribia artean aurrera eramango duten egitasmoan. Europako talde nabarmenetako batzuek parte hartuko dute, tartean, Manchester City, Real Madril, Inter de Milan, Olympique de Lyon, Hammarby, RCD Espanyol, Real Sociedad edo FC Twente.
Tximist Fundazioak antolatuta, txapelketak goi mailako futbola uztartzen du berdintasunaren eta eraldaketa sozialaren aldeko apustuarekin. Bederatzigarren txapelketa honen nobedade nagusietako bat The Equality Ball baloi ofizialaren aurkezpena izango da. Joko elementu bat baino askoz gehiago da, izan ere, salmentarekin bildutako funtsei esker, kirol azpiegiturak, hezkuntza programak, eskoletako prestakuntza ikastaroak eta munduko hainbat lekutan kirol, eskola eta osasun materialaren hornidura finantzatuko dituzte. Fundazioaren webgunean eskura daiteke.
Era berean, Angolako ordezkaritza bat etorriko da, Afrikan emakumezkoen kirola sustatzen erreferentea den herrialdea. Zehazki, hango Kirol ministroa eta bere taldea, eta bi jokalari, bai txapelketan bai integrazio jardueretan parte hartuko dutenak.
Biltzarra, Anoetan
Partidez haratago, aurten ere She Leads nazioarteko kongresua ere aurrera eramango dute Anoeta futbol zelaian ostiralean, hilak 13, 18:00etan. Hizlarien kopurua bikoiztu du eta nazioartean eragin handia duten emakume eta erreferenteak elkartuko ditu, hala nola, RFEFeko Emakumeen Futboleko zuzendari Reyes Bellver, Afrikako futbolaren erreferente Irene Gonçalves eta lehen mailako nazioarteko klubetako entrenatzailea. Ostiraleko aurkezpenean Aintzane Encinas Realeko jokalari ohi eta Tximist Fundazioko presidenteak adierazi zuenez, “indartu” egin da emakumeen rolari buruzko gogoeta eta inspirazio gune ezinbesteko gisa, begirada globalarekin eta orainari eta etorkizunari buruzko beharrezko elkarrizketarekin, berdintasunaren ikuspegitik”. Sarrera doakoa da.
Aipatutako guztiaz gain, lau ataleko podcast sorta berezi bat grabatuko dute, txapelketaren aurreko eta ondorengo astean Radio Marcan botako dutena, eta ondoren, fundazioaren webgunean eskuragarri egongo dena. Bertan, puntako hainbat pertsonak parte hartuko dute, besteak beste, Irene Paredes, Ana Romero, Jade Boho edota Cristina Vegak. Antolatzaileen esanetan, emakumezko kirolari ikusgarritasuna emateko, bizipenak partekatzeko eta futbola barrutik eraldatzen ari diren ahotsak zabaltzeko gune bat izango da.