«Ikusten dut grina dagoela euskal zinema nazioartean kokatzeko, eta hemen lan handia falta da oraindik»
Zinema lan ugaritan aritu da azkenaldian Jone Laspiur: 'Faisaien irla' du estreinatutako azken filma. Urteotako eskarmentuak aukera eman dio zinemagintzari zorrotz begiratzeko, eta, orobat, ezin du ezkutatu interpretazioak sorrarazten dion lilura.

Interpretaziora kasualitatez ailegatu zela argitu ohi du Jone Laspiurrek (Donostia, 1995); izatez, orain gutxi hasi zaio bere buruari aktore titulua aitortzen. Pasioz mintzo da ofizioaz: pasioz, hitzik esan gabe publikoari zernahi emozio transmititzeko aukeraz; pasioz, eszena bat in situ interpretatzean espero gabe azaldu daitezkeen ñabardurez. “Beti gorde behar duzu zure zati bat hor gerta daitezkeen ezusteko guztietarako, eta hori oso ederra da”. Eta, era berean, pasioz ezpainetaratzen ditu aktorearen begietatik aztertuak bai baina beren-beregi interpretazioari lotuak ez diren askotariko katebegiak ere: migrazio politikak, sariek ekarritako “deformazioak”, euskal zinemaren ajeak.
Gaur egun, Asier Urbietak zuzendutako Faisaien irla filmean ikus daiteke Laspiur zinemetan pantailaratua. Laidaren rola jokatu du: Bidasoko muga igerian zeharkatzen saiatzen ari diren bi pertsona itotzear daudela ikusi, eta haiei laguntzeko uretara salto eginen duen emakumearena.
Hilabete inguru joan da Faisaien irla aretoetan estreinatu zenetik. Gozatu duzu tarte hau?
Esperientzia gisa haluzinantea izan da, promoziotik hasita. Bidea Gotemburgen [Suedia] hastea, beste herrialde batzuetan barrena jarraitzea, festibal oso politetan egon izana… oso-oso ederra izan da. Batez ere, daukagun ekipoa dugulako. Lagunarteko zerbaiten parekoa izan da askotan. Eta, gainera, kontuan izanda pelikulak zer jorratzen duen, filma estreinatu denetik oso garrantzitsua iruditu zaigu solasaldi asko egitea. Herri pila batean izan gara, eta, besteak beste, Irungo Harrera Sarearekin eta Gari Garaialde fotokazetariarekin ere egon gara, luze hizketan.
Esana duzue grabaketa prozesuan sarri ikusten zenituztela fikzioa eta errealitatea elkarren artean gurutzaturik. Esaterako, ikusten zenutenean Sambou Diaby bai, bera geldiarazi egiten zutela mugan grabatzen ari zinetenean. Zer emozio gailendu zaizu?
Frustrazioa. Alde batetik, ikusita instituzioek ez dutela beren lana egiten, eta ikusita badagoela jende boluntario pila bat azal eta larru ematen egunero, egunero-egunero. Pelikula egiten ari ginen bitartean, ez genuen ia kontakturik izan Harrera Sarearekin, gurea fikzio bat zenez, zuzendariak-eta horretatik aparte lan egin nahi izan baitzuten. Baina orain bai, promozioan dezente egon gara Harrera Sarekoekin, eta ni… ni oraindik ere gehiago jantzi naiz bukaerako aldi honetan.
Elkarrizketa hau Berriatik ekarri dugu, CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.