Urriaren 10ean estreinatuko dute 'Karmele' filma aretoetan

Karmele Asier Altuna zinemagile bergararraren film luzea urriaren 10ean estreinatuko dute zinema aretoetan. Jone Laspiur donostiarra eta Eneko Sagardoy aktoreak dira “drama historiko eta hunkigarri” honen protagonistak, eta musikak presentzia handia dauka lanean.
Filmaren arduradunek jakinarazi dutenez, filmaren bi protagonista nagusiekin batera, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran aktoreak ere agertzen dira lanean, besteak beste.
Asier Altunak idatzi eta zuzendu du filma, Elkarrekin esnatzeko ordua Kirmen Uribe idazlearen eleberrian oinarrituta; Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako bizitzak kontatzen ditu, hortaz, liburuak egin zuen bezala.
Filmak bikote Urresti eta Letamendi bikotearen eta haren familiaren “odisea zirraragarri eta iradokitzailea” erakusten du, kontinente batetik bestera jauzian, XX. mendearen lehen erdian, 36ko Gerraren testuinguruan. Iragan hurbileko “istorio epiko bat” da, baina, aldi berean, “gaurkotasuna duten gai unibertsal eta atenporalak” ukitzen ditu, hala nola maitasuna, familia, kultura eta askatasuna.
Musika filmaren hari garrantzitsua da, eta euskal musika, jazza, boleroak eta guarachak entzungo dira. Aitor Etxebarria da musikaren konpositorea