Bi milioi eurotik gora bideratuko ditu udalak ekintzailetzara eta tokiko enpresen proiektu berritzaileetara

Donostia Sustapenak 2,06 milioi euro bideratu ditu enpresa proiektu berritzaileen hazkundeari eta ekintzailetzari laguntzeko zuzeneko diru laguntzetara. Era berean, gastronomia, merkataritza eta ostalaritza bezalako sektore tradizionalak bultzatzeko laguntza sorta bat jarri du abian. Laguntza guztiak 2025 Berrikuntza Planean sartzen dira.
Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari gerentearen hitzetan, “baliabide horiek aktibatzeak, aurtengo Berrikuntza Planaren esparruan, enpresei zein ekintzailetza proiektu berriei laguntzen jarraitzeko aukera ematen digu, garatzeko eta sendotzeko funtsezkoak diren alderdi eta esparruetan. Laguntzak eta programak berrikuntza bultzatzeko ibilbide orri batean kokatzen dira, eta proiektu bakoitzarekin modu pertsonalizatuan lan egiten dugu. Berrikuntza metaketa fenomenoa da, eta baliabideak zerbitzu eta laguntzetan txertatzen jarraitu nahi dugu, hirian eta lurraldean kokatutako beste eragile batzuekin ere bat egin dezaten, proiektuei ahalik eta ondoen laguntzeko”. Laguntzak Berrikuntza Planaren zenbait ardatz estrategikotan kokatzen dira:
1) Hiria ekintzailetza berritzailearen nodo gisa sustatzea – 735.000 euro
Ardatz honen helburua proiektu ekintzaile berritzaileen kopurua handitzea da, hiria ekintzailetzarako aukera gune gisa indartuz.
Ekinn+ start up-ak bizkortzeko programaren edizio berriak 375.000 euroko zuzkidura du guztira (25.000 euro ekimen ekintzaile bakoitzeko) eta zerbitzu berriak txertatzen ditu inbertsioaren, talentuaren eta merkatu berrien identifikazioaren esparruan.
Laster irekiko da ere Ekinn + Gastroren hirugarren edizioa, 60.000 euroko zuzkidura duena. Helburua hazteko ahalmena duen tokiko gastronomia talentuari laguntzea da.
Enpresak sortzeko laguntzek 300.000 euroko zuzkidura dute guztira, eta Donostian sortzen diren enpresa berriei laguntzen diete, lanpostu bat, gutxienez, sortzen badute. Hobariak izango dituzte merkataritza lokalak gaitzen dituzten enpresek eta berritzaileak direnek.
2) Donostia zientziaren hiri eta berrikuntza-plataforma gisa bultzatzea – 1.330.000 euro
Ardatz honen helburua ikerketarekin eta berrikuntzarekin lotutako ekimenak sendotzea eta bultzatzea da, talentua garatuz, enpresetarako transferentzia teknologikoa garatuz eta aukera-sektoreak bultzatuz. Eta hori guztia hiriko funtsezko eragileekin lankidetzan.
Proiektu berritzaileak garatzeko langile kualifikatuak kontratatzea sustatzen duten Ekinn Talent laguntzek 450.000 euroko zuzkidura dute. Europako Gizarte Funtsak batera finantzatutako laguntza programa da.
Proiektu bakoitzak gehienez bi laguntza eska ditzake. Berrikuntza gisa, KIBS enpresek edo biozientzien arloari lotutakoek hirugarren laguntza bat eskatzeko aukera izango dute. Oinarrizko laguntzak hobariak barne hartuko ditu kontratua gazteentzat (35 urte baino gutxiago), emakumeentzat edo hirira itzultzen diren pertsonentzat bada, gehienez 18.000 euro laguntza bakoitzeko.
Estrategia laguntzek 300.000 euroko zuzkidura dute, eta proiektu berritzaileen hazkundea errazten dute. Laguntzak 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko martxoaren 31ra bitartean egindako gastu estrategikoen (finantzaketa, merkatuak irekitzea, patenteak edo sustapena) %70 ordaintzeko aukera ematen du. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko, KIBS eta Biozientziei lotutakoak izan ezik, horiek 20.000 eurora irits baitaitezke.
Ezagutzaren transferentziaren eta hiriko zentro teknologikoekiko konexioaren sustapena bonu teknologikoen bidez egingo da berriro, 100.000 euroko zenbatekoarekin. Bonua 15.500 euro artekoa izan daiteke, eta teknologia eta ikerketa zentro hauek eskaintzen dituzten zerbitzu aurreratuetakoren batez baliatzeko aukera emango du: Tecnalia, CEIT, Tecnun, Vicomtech, Biogipuzkoa, CIC Biomagune eta CICnanoGune.
Aisia/turismoa sektoreari lotutako prestakuntza proiektu traktoreetarako laguntzak ere emango dira, 180.000 euroko zuzkidurarekin. Dagoeneko eskuragarri daude sektore sozioturistikoari lotutako enpresetan eraginkortasuna hobetzeko laguntzak (150.000 euro) eta jasangarritasuneko eta ekonomia zirkularreko neurrietan inbertitzeko laguntzak (150.000 euro).
Dagoeneko eskuragarri dauden laguntza horiei buruzko informazio guztia Donostia Sustapenaren webgunean dago.