Galeuscako editoreen topaketak egingo dituzte, hizkuntza gutxituen literaturaren inguruan hausnartzeko

Euskal Editoreen Elkarteak (EEE) antolatuta, Galeuscako editoreak Donostian elkartuko dira gaur, bihar eta etzi (hilak 10-12). Besteak beste, liburu salmentak, irakurmena eta biblioaniztasuna landuko dituzte; hainbat mahai inguru eta bestelako jarduerak antolatu dituzte horretarako.
Euskarazko, galegozko eta katalanezko argitaletxeek eta Europako beste hizkuntza batzuetako editoreek parte hartuko dute jardunaldietan. Zehazki, Lit-Up taldea osatzen duten Europako beste hizkuntza gutxitu hainbatetako argitaletxeak egongo dira topaketetan.
Euskaltzaindiaren egoitzan, Aquariumeko auditorioan eta San Telmo museoan egingo dituzte egitasmoko jarduerak. Gaur arratsaldean hasiko dira topaketak, egun osoko egitaraua prestatu dute biharko eta etzi goizean amaituko dituzte topaketak. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.