«Helburu komunak garatzeko bideak» lotu dituzte Donostiako Orfeoiak eta Francisco Escudero Kontserbatorioak

Donostiako Orfeoiak eta Donostiako Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionalak lankidetza hitzarmena sinatu dute, “helburu komunak garatzeko bideak lotuz”. Helburu horien artean, “musika jarduerak garatzea eta Donostiako herritarrei eta probintziakoei zabaltzea” nabarmendu dute.
Hitzarmenaren bidez, bi erakundeek interesgarritzat jotzen dituzten musika proposamenetan, jarduera pedagogikoetan eta bi norabideetako prestakuntza jardueretan lagunduko dute, baita horiek bultzatzen lagundu ere. “Kulturaren zabalkundea sustatzeko helburu nagusiarekin, Orfeoiak eta Francisco Escudero Kontserbatorioak harremanak estutuko dituzte Donostiako musikagileei edo Donostiako musikari buruzko ikerketan. Era berean, Kontserbatorioan orfeoilariak kantuko ikasketa profesionaletan sartzea sustatuko da, eta Kontserbatorioko koru eta instrumentu jotzaileei hainbat proiektutan orfeoiarekin parte hartzeko aukera emango zaie”, gaineratu dute.
Hitzarmenarekin, bi erakundeek “konpromisoa” hartu dute “proiektu sinfoniko koralak, ganbera musikako proiektuak koruarekin, edozein erakundetan espezializatutako taldeetan kolaborazioak aztertu, garatu eta horietan parte hartzeko, eta errepertorio berrietan lan egiteko”.
Ehun urtetik gorako historia dute bi erakunde donostiarrek. Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionala Donostiako Udalak 1879an sortutako musika hezkuntzako zentro bat da, 1999tik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ardurapean dagoena eta bertako kide dena. Gipuzkoan musikako ikasketa profesionalak eta oinarrizkoak ematen dituen ikastetxe publiko bakarra da. Donostiako Orfeoia, bestalde, 1897an sortu zen eta onura publikoko eta irabazi asmorik gabeko kultura elkartea da; musika koralarekin zerikusia duen edozein adierazpen sustatzea, interpretatzea eta zabaltzea du helburu nagusi.