Ostiraleko Altzako etxegabetzeari aurre egiteko asanblada egin dute

Berehala etxegabetua izateko arriskuan dago familia bat Altzan. Izan ere, “kontratuaren arabera zegozkion funtsezko konponketa batzuk egiteari” uko egin eta, gainera, “alokairua bidegabeki igo” ondoren, familia bere etxetik botatzeko prozesuari ekin zion etxejabeak, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakitera eman zuenez. Maizterrek uko egin zioten alokairuaren igoerari, baina jabearen esanetan, 42 euroko zor bat daukate berekin: hori aitzakiatzat hartuta ekin dio etxe-kaleratzeari.
Etxegabetzea berehala eten dadila exijitu du sindikatuak, eta hutsaraztea bide judizialetik geratzen saiatzen ari dira. Oraingoz zabaldu dutenaren arabera, “familia egoera ekonomiko zaurgarrian egon arren, epaitegiak ez du etxegabetzeen aurkako moratoria eman”. Bestalde, gehitu dute etxejabea Altzan bizi dela eta “hainbat jabetzaren titularra” dela, “bai Donostian bai beste herri batzuetako gune turistikoetan ere, kostu handiko alokairuak ezarriz”. “Hainbat errenta jasotzen dituen jabe handi batez ari gara, eta familia kanporatu nahi du irabaziak maximizatzeko”, gaineratu du sindikatuak.