Partikula maila altuak egongo dira Donostian asteazkenera arte
Aire zabalean esfortzu fisiko handiko jarduerarik ez egitea gomendatu du Donostiako Udalak, bereziki, talde kalteberei.

Iberiar penintsula osora Saharako basamortutik sartutako hautsa dela eta, partikulen kontzentrazio handia detektatu du Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatearen Kontrolerako Sareak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Horrela, Donostiako Udalak azaldu duenez, hirian “igande gauean hasi ziren partikulak igotzen eta maila altuena gaur eta bihar artean ematea aurreikusten da. Momentuz Easoko estazioan, hiriko erdialdean, soilik neurtu da igoera, baina oso litekeena da hiriko eremu guztietara zabaltzea. Izan ere, kanpotik datozen partikulak hirian bertan sortutakoei gehitzen zaizkie eta trafiko gehien dagoen eremuetan antzematen da lehenik”.
Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, hilaren 11ra bitarte mantenduko da partikulen kontzentrazio altu hori: “Asteazken arratsalde amaieran, haizearen norabidea aldatu egingo da eta, honela, partikulak barreiatu eta espero dugu eguratsa garbitzea”. Udalak gaineratu duenez, 2,5 mikratik beherako diametroa dute airean kontzentrazioa gehien igo diren partikulek, eta horien iturriak asko dira, baina, hirietan, “diesel motordun ibilgailuak dira iturri nagusia”.
Gomendioak eta talde kalteberak
Partikulen kontzentrazio altua dela eta, udalak gomendatu du “aire zabalean esfortzu fisiko handiko jarduerarik ez egitea”, baita “ahal den heinean, auto partikularrak erabili beharrean garraio publikoa erabiltzea” ere, motordun ibilgailuek partikula mailak igotzen dituztelako.
Bereziki, “talde kalteberei” gomendatu diete aire zabalean esfortzu fisiko handirik ez egiteko egunotan: haurrei, adinekoei, aire zabalean eta denbora luzez jarduera fisikoa edo lana gogor egiten duten helduei eta pertsona asmatikoei edo arnas sistemako arazoren bat dutenei.