Altzako etxegabetzea atzeratzea lortu du Etxebizitza Sindikatuak
Bide judizialetik "azken unean" errekurtso bat jarrita, ostiralerako aurreikusita zegoen etxegabetzea atzeratzea lortu du sindikatuak.

Ostiral honetarako, ekainaren 13rako, etxe kaleratze bat zegoen ezarrita Altzan, baina momentuz hura geratzea lortu du Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. “Hainbat hilabetetako prozedura judizialaren ondoren, sindikatuak azken unean sartutako alegazio bati esker, etxegabetzea atzeratzea lortu da”, jakinarazi dute bertako kideek.
Familia bat da Altzan etxegabetua izateko arriskuan dagoena, tartean, adin txikiko bi lagun. Sei urte daramatzate pisu batean alokairuan bizitzen, baina etxejabeak, konponketa batzuk ordaintzeari uko egin ostean, “alokairua modu bidegabean igotzea” erabaki zuen. Hilean 14 euro gehiago kobratzera behartu nahi zituen maizterrak, eta hiru hilabeteren ondoren, 42 euroko zor bategatik, haiek etxetik botatzeko prozesua hasi zuen. Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bideo bidez zabaldu duenez, hainbat etxebizitzaren titularra da jabea, “eta haien alokairuarekin negozioa egiten du”.
Kaleratzea atzeratzea lortu duten arren, sindikatuko kideek ohartarazi dute honakoa ez dela “gertaera isolatu” bat, eta “ugariak” direla “errenten bitartez aberasten diren jabe txikiak zein handiak”, “maizterrak guztizko babesgabe egoera batean” dauden bitartean. “Beste behin ere, etxegabetzearen atzerapena antolakuntzari esker lortu dugu, eta, bide horretan, etxebizitzaren negozioaren aurka, borrokatzeko dei egiten dugu”, gaineratu dute.